San Eloi egunez, auzo bazkaria

Intza Trula 2023ko abe. 1a, 15:19

Auzotarrek Mendizabalen egin duten bazkaria, gaur. (Intza Trula)

Atzo, osteguna, hasi zituzten Landeta auzoko jaiak. Gaur, San Eloi egunez, dozenaka lagun elkartu dira Mendizabal erretegian, bazkaldu eta solasean jarduteko. Triki poteoarekin jarraituko dute festa arratsaldean.

Jaien bigarren eguna dute gaur Azpeitiko Landeta auzoan, eta lagun mordoxka elkartu da Mendizabal erretegian egin duten bazkarian, San Eloi eguna ospatzeko. Mahatik jaiki orduko jarraituko dute festarekin, trikipoteoa egingo baitute arratsaldean zehar.

Atzo hasi zituzten auzoko festak, mus txapelketarekin, eta igandera arte luzatuko dituzte. Besteak beste, festetarako prestatutako egitarau oparoaren barruan dago 44 urteren ondoren egingo duten sokamuturra: larunbat arratsaldean izango da, Albara ganadutegiko zezenekin.

Horrez aparte, ardi txakurren erakusketa, erromeria eta herri kiroletako hainbat marka saiakera dituzte antolatuta datozen egunetarako.

Egitaraua: 

Gaur, ostirala, San Eloi eguna

  • Arratsaldean, triki poteoa.

Bihar, larunbata

  • 12:30. Ardi txakurren erakustaldia.
  • 16:30. Sokamuturra. Albara ganadutegia.
  • 18:30. Auzo triki poteoa.
  • 21:00. Auzo afaria. Txartelak salgai daude Mendizabal erretegian.
  • Ondoren, erromeria Hitzeder, Montte eta Aizpurutxo trikitilariekin.

Abenduak 3, igandea

  • 12:00. Umeentzat poniak. Lopene ganadutegia.
  • Goiz guztian zehar, Eneko Arbeo eta Attola trikitilariak.
  • 13:00. Herri kirolak. Aizkoran elkarren kontra txanda librean ariko dira Otaño-Xuban Kañamares, Larrañaga-Mendizabal eta Patxi Mindegia-Txikia IV.a. Harri jasotzen marka saiakerak egingo dituzte Jon Unanue Goenatxo III.ak 220 kiloko harriarekin, Xabier Aranburu Guztak 230 kiloko harriarekin eta Olaia Esnaolak 100 kiloko zilindro zaharrarekin. Ondoren, motozerrarekin erakustaldia izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide