Askotariko ekintzekin ospatu dute Euskararen Eguna ikastetxeetan

Nerea Uranga 2023ko abe. 1a, 18:01

Igandean, abenduaren 3an, Euskararen Eguna da. Azpeitiko ikastetxeetan, ordea, gaur ospatu dute. Era askotako ekintzak egin dituzte mailaz maila, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi ikastetxean eta Urola Ikastolan.

Euskararen Eguna ospatu dute gaur Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek, eta mailaz maila bakoitzak bere ikastetxean askotariko ekintzak egin dituzte Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi ikastetxean eta Urola Ikastolan.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin euskarari buruzko lau esaldi esanguratsu aukeratu dituzte, eta DBHko ikasleek idatzi eta HHkoek apaindu dituzte, elkarlanean. Horrez gainera, hainbat jolas eta jarduera egin dituzte ikasleek eta irakasleek. Eguna bukatzeko, Batxilergoko 1. mailako ikasleek prestatutako jatekoarekin bazkaria egin dute DBH1etik Batxilergoko 2. maila arteko ikasleek, ikastetxeko kiroldegian. Bazkalondoan, Batxilergoko 2.mailako ikasleen antzerkia izan da.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai ikastetxeko HHko nahiz LHko ikasleek ere Euskararen Eguna ospatzeko ekintzak egin dituzte goiz eta arratsaldez. Kantuan, dantzan, jolasean eta marrazten ibili dira, eta txokolate beroa jateko aukera ere izan dute.

Urola Ikastolan, Euskararen Astea izan dute, Euskararen Egunaren harira. Astean zehar hainbat jarduera egin dituzte: esaera zaharrak eta bertsoak, kantagintza, herri kirolak… Irakasleek gaitu.eus-en parte hartzeko txoko bat ere jarri dute, eta gaur ostirala egun handia izan dute, Euskararen Eguna ospatuz. Txalapartarekin, bertsoekin eta musika doinuekin hasi dute gaurko ospakizun eguna, eta hainbat jolasetan eta lehiaketatan parte hartzeko aukera izan dute ikasleek. Txokolate beroaz gozatzeko aukera ere izan dute Urola Ikastolako ikasleek, irakasleek eta langileek.

Iraurgi ikastetxean, aste osoan zehar izan dute gogoan Euskararen Eguna; alegia, asteko egun guztietan, goizeko lehen 15 minutuetan euskararen inguruko galderei erantzunez jardun dute. Bi mailatan banatuta egin dute ariketa hori, maila batean DBH1-2-3ko ikasleen parte hartu dute, eta beste mailan DBH 4 eta BATX1-BATX2 mailakoek. Galdera gehien asmatu dituzten geletako ikasleek pastelak jaso dituzte sari gisa. Lehiaketaren irabazleak DBH 2B eta BATX2B izan dira. Gainontzeko mailetako ikasleek, berriz, musikarekin, dantzarekin eta jolasean ospatu dute Euskararen Eguna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide