Bihar zabalduko dute Azoka Plazan gaztetxoentzako Neguko Topalekua

Nerea Uranga 2023ko abe. 2a, 11:41

Neguko Topalekuaren inaugurazioa, urtarrilean. (Ihintza Elustondo)

LH3 eta 6 mailara arteko haurrentzako izango da Azoka Plazako Topalekua, eta Aste Santua ingurura arteko igandeetan zabalduko dute 16:30etik 19:00etara.

Aurreko ikasturtean martxan jarri zuen Azpeitiko Udalak Azoka Plazako Neguko Topalekua, Haurren Kontseiluak egindako eskaerari erantzunez. Oraingo ikasturtean ere, bihartik aurrera, Neguko Topalekua zabalik egongo da Aste Santua bitarteko igandeetan, 16:30etik 19:00etara bitartean. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurrentzat izango da gune hori, eta joan nahi dutenek aurrez ez dute izenik eman beharko.

Topalekua "haurren nahietara eta beharretara" egokituko dute, eta bertan hainbat ekintza egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. Udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile egongo dira Topalekuan.

Jolaserako Familia Txokoa, kiroldegian

0-8 urte bitarteko haurrentzako jolaserako Familia Txokoa, berriz, zabalik izaten da kiroldegian asteburuetan eta jaiegunetan; larunbatetan eta igandeetan 11:00etatik 19:00etara izaten da irekita, eta jaiegunetan 11:00etatik 12:30era.

Familian egoteko jolas eremua da kiroldegikoa, eta ez da hezitzailerik ezta zaintzailerik egoten bertan eta haurrek ezin dute bakarrik egon. Halaber, arduradun bakoitzarekin gehienez lau haur sartu ahal izango dira jolaserako gunera, eta arduradun horrek bere izena eman beharko du harreran (gunearen balorazioa egiteko erabiliko dira datuak). Kiroldegiko bazkideek doan izango dute sarrera, eta bazkide ez direnek bi euro ordaindu beharko dituzte.

8 urte arteko haurrei bideratutako jolastokia da, baina anai-arreba txikiagoekin doazenek ere izango dute sartzerik, heldu baten ardurapean. Horrez gain, hirurogei lagun egongo dira gehienez barruan eta plazak betetzean gunea itxi eta ordutegiak ezarriko dira.

Materialak "modu egokian" erabiltzea eskatu du Azpeitiko Udalak, eta jolas eremuan oinetakoak kentzea ere bai. Haur aulkiak ezingo dira jolas gunean sartu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide