Landetako San Eloi jaietako azkenengo festa eguna izan dute gaur. Eguerdian, Lopene ganadutegiko ponietan ibiltzeko aukera izan dute haurrek, eta segidan, herri kiroletako aizkora erakustaldia eta harri jasotzeko marka saiakerak izan dira. Markak haustea ere lortu dute horretan ahalegindu diren hiru harri jasotzaileek Olaia Esnaolak, Xabier Aranburu Guztak eta Jon Unanue Goenatxo III.ak.
Atzo ez bezala, gaurkoan eguraldi bikaina izan dute Landetakoek festetako ekitaldiez gozatzeko, eta jende asko bildu da herri kirol erakustaldira. Olaia Esnaola harri jasotzaile azpeitiarrak 100 kiloko zilindro zaharra hiru aldiz jasotzea lortu du hiru minuturen barruan, 16 urtekoen artean marka ezarriz. Xabier Aranburu Guztak, berriz, 230 kiloko harria bi aldiz jaso du hiru minuturen barruan. Jon Unanue Goenatxo III.ak azken aldian belauneko arazoak izan ditu, baina hala ere 225 kiloko harria jasotzea lortu du gaur Landetan.
Harri jasotzen sorpresak ere izan dira Landetan, hain zuzen ere 7 eta 9 urteko Haritz eta Jone Mendizabalek harri txikiak jasoz erakustaldia egin dute jendaurrean.
Aizkolariak ere izan dira Landetan, eta Xuban Kañamaresek eta Martin Mendizabalek bikotea osatuta Eneko Otañoren eta Mikel Larrañagaren kontra jardun dute.