Aurrekoa bezala, azken asteburua ere borobila suertatu da Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusientzat. Emakumeek etxean eta gizonek etxetik kanpo, biek irabazi zituzten beren neurketak, bakoitza bere ligako sailkapenaren goikaldean jarraitzeko modua eginez.
Ohorezko Erregional Mailan, Lagun Onakek erreskadan laugarren garaipena lortu zuen zapatuan Garmendipen, Oiartzun C 3-0 mendean hartuta. Aurreko hamar jardunaldietan puntu bakarra batuta ligako sailkapena ixten zuen taldea hartu zuen etxean Eguzkiñe Peñak zuzentzen duen taldeak. Emaitza argiarekin irabazi zuten Azpeitikoek, baina markagailua ez zen hain argia izan partidaren zatirik handienean. Kontrolpean izan zuten neurketa etxekoek, baina ez ziren guztiz eroso ibili jokoari dagokionez. Nahiko azkar hartu zuen aurrea markagailuan Lagun Onakek, June Kasinaren bidez, 13. minutuan, baina hasierako golak ez zuen leundu Lagunekoen bidea; Oiartzunek ez zuen gol aukerarik egin neurketa osoan, baina Peñaren emakumeak ere ez ziren oso fin ibili. Bigarren zatian hobetu zuen jokoa Lagun Onakek, eta neurketaren azken ordu erdian iritsi ziren beste bi golak: 2-0ekoa 61.ean egin zuen Nahia Etxeberriak, eta 3-0ekoa 84.ean, Joane Kortak. 20 punturekin, bosgarren postua sendotu du Lagun Onakek azken garaipenarekin.
Partidaren aurretik omenaldia eskaini zioten taldekideek Naira Suduperi; lesio larria izan zuen Sudupek duela aste batzuk, eta beren babesa agertu nahi izan zioten taldekideek.
Hiru puntuko bultzada
Espainiako Hirugarren Mailan, hiru puntu eta zertxo bait gehiago balio duten garaipen horietako bat lortu zuen Lagun Onakek Portugaleteren zelaian. Iban Fagoaga agurtu den astean, 1-2 irabazi zuen taldeak aurkari zuzen baten etxean, behin-behinean taldearen gidaritza hartu duen Iñigo Saizarren aginduetara. Sailkapeneko hirugarrenak eta laugarrenak neurtu zituzten indarrak La Florida zelaian, eta emaitzari buelta emanez lortu zuen garaipen garrantzitsua Lagun Onakek. Etxekoek azkar, 7. minuturako, egin zuten beren gol bakarra izango zena. Lagun Onaken erantzuna ere ez zen makala izan, eta 15. minutuan 1-1ekoa egin zuen Gorka Amutxastegik, penalti jaurtiketa batekin. Itxura oso ona erakutsi zuen Lagun Onakek lehen zatian, eta bigarrenean ere ez zen atzean gelditu. Portugalete erasora irten zen atsedenaldiaren ondoren, baina Azpeitikoak sendo ibili ziren atzean; atzo debuta egin zuen Aritz Madrazo harrobiko atezainak ez zuen lan asko egin beharrik izan, baina egitea tokatu zitzaiona oso txukun bete zuen. 69. minutuan, Gorka Tapiadorrek ezker hegaletik erdiratutako baloia area kanpoan hartu eta, bikain jaurtita, 1-2koa egin zuen Alain Letek. Eraso zuzenen bidez presioa areagotu zuten etxekoek, baina oso ondo eutsi zion erauntsiari Lagun Onakek. Atzoko hiru puntuei esker, Portugaleteri aurrea hartu eta hirugarren postura igo da Azpeitiko taldea, 28 punturekin.
Datorren asteburuan ez dute jardunaldirik izango ez Ohorezko Erregional Mailan, ez Espainiako Hirugarren Mailan. Abenduaren 17an, Elgoibarren jokatuko dute Lagun Onakeko emakumeek, eta Beasain hartuko du Garmendipen gizonen taldeak, sailkapeneko bigarrena.