Etxetik kanpo aurkia Domusa Teknik ISBrentzat, eta etxean ifrentzua Juaristi ISBrentzat. Emaitza kontrajarriak utzi ditu saskibaloi asteburuak Iraurgiren talde nagusientzat.
Biek jokatu zuten atzo. LF2 ligako taldea izan zen goiztiarrena. Mallorcan (Herrialde Katalanak), ligako B multzoaren sailkapenean azken tokian dagoen Andratxen etxean jokatu zuten Joseba Lizarralde Rubiok gidatzen dituen emakumeek, eta ez zuten abagunea alferrik galtzen utzi. Lehen laurden parekatuaren ondoren (19-19), pixkanaka abantaila handitzen joan ziren Iraurgikoak (8-14, 15-21 eta 17-19), azkenean alde erosoarekin gailentzeko (59-73). Horrenbestez, bere multzoko bigarren tokian jarraitzen dute Azpeiti-Azkoitikoek. Datorren zapatuan, abenduak 9, 17:00etan, derbia jokatuko dute Iraurgiko emakumeek Azkoitian Aranguren Multibasket talde nafarraren kontra.
Zilarrezko LEB ligan, ostera, denboraldiko laugarren porrota jaso zuen atzo arratsaldean Juaristi ISBk. Hamargarren jardunaldiaren barruan, atzo arte sailkapenean atzetik zuen Sevillako (Andaluzia, Espainia) Moron taldea hartu zuten Azpeitiko kiroldegian Yon Gonzalezen gizonek. Partida irabazita, sailkapenean goiko postuetan egonkortzeko eta atzekoekiko zulotxoa irekitzeko aukera zuen Juaristik, baina bestelakoak izan ziren kontuak. Emakumeen Mallorcako partidan bezala, gizonenean ere berdinketarekin amaitu zen lehen laurdena (24-24). Bigarren laurdenean, ordea, hamar puntuko abantaila hartu zuten kanpotarrek, 10-20 partzialarekin, eta atsedenaldiaren ondoren Juaristi ISB ez zen gai izan markagailua iraultzeko; 20-10 eta 19-22 izan ziren azken bi laurdenetako partzialak, eta 73-85 irabazi zuen partida Moronek. Mendebaldeko multzoan sailkapeneko laugarrena da orain Iraurgi; datorren zapatuan Algecirasen jokatuko du, multzoko azken sailkatuaren kantxan, 19:30ean.