Gaur zabalduko dute 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako izen ematea

Nerea Uranga 2023ko abe. 5a, 08:30

Aurtengo maratoi erdiko irudi bat.

Datorren urteko martxoaren 23an jokatuko da Diego Garciaren oroimenezko lasterketa, Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeak antolatuta. 16:15ean hasiko da 8 kilometroko proba motza eta 16:30ean 21 kilometrokoa. Gaur, 12:00etan zabalduko dute izen ematea.

Gaur, 12:00etatik aurrera zabalik izango da Diego Garciaren oroimenezko 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko aukera. Datorren urteko martxoaren 23an jokatuko da 21 kilometroko lasterketa, 16:30ean Azkoititik hasita. Egun berean, 16:15ean hasita, 8 kilometroko lasterketa motza jokatuko da.

Rockthesport.com webgunean eman ahal izango da izena Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako nahiz proba motzerako. Maratoi erdirako izen ematearen kostua desberdina izango da federatuta edota federatu gabe dauden korrikalarientzat, baita izena ematen duten epearen arabera ere: federatutakoek abenduaren 31 baino lehen izena ematen badute 22 euro ordaindu beharko dituzte, hortik aurrera izena emateko prezioa igotzen joango da hilero. Federatu gabeko korrikalarien kasuan, abenduaren 31ra artean izena ematen dutenek 25 euro ordaindu beharko dute, eta hauei ere epe horretatik aurrera hilero izena emateko prezioa igo egingo zaie.

Road Race Labela eskuratzeko eskaera aste honetan egingo dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek World Athleticsen. Xeye atletismo taldeak adierazi duenez, "maratoi erdiko ibilbide honen azken edizioa izango da aurtengoa, eta aurrerantzean segitzea erabakiz gero, homologazio berria egin beharko da maratoi erdian".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide