Ikasle Abertzaleek hainbat ekintza antolatu dituzte Konstituzio Egunari planto egiteko

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 5a, 11:13

Iaz Konstituzio Egunean egindako hitzaldi bateko artxibo irudia. (Ikasle Abertzaleak)

Konstituzio Eguna "jai egun arrotza" dela iritzita, "Espainiako trantsizioaz, konstituzioaz eta faxismo berriez" hitzaldia eskainiko dute bihar. Ondoren, asanblada egingo dute herriko ikastetxeetako egoeraz hitz egiteko, eta eguerdian bazkaria egingo dute. 

Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak hainbat ekintza egingo ditu bihar, abenduak 6, Konstituzio Egunari ez! lelopean. Ikasle Abertzaleek adierazi dutenez, abenduaren 6a "jai egun arrotza" da, eta horren aurrean hainbat jarduera antolatu dituzte. Ekintza guztiak Esklabetako areto nagusian egingo dituzte. 

11:30ean hasita, Espainiako trantsizioaren nahiz konstituzioaren fartsa eta faxismo berriak hitzaldia eskainiko dute. Ondoren, 12:30ean, asanblada egingo dute leku berean, "herriko ikastetxeetako arazoez hausnartzeko". Egitaraua borobiltzeko bazkaria antolatu dute. 14:00etan hasita egingo dute bazkaria Esklabetan bertan. Ekintza guztiak irekiak izango direla azaldu dute, eta interesa duen orori bertaratzeko deia egin diete. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide