Mikel Larrañagak irabazi du Aizkolari Txapelketa Nagusia

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 8a, 14:47

Mikel Larrañaga eta Nerea Arruti txapeldunak gaur, sari banaketaren unean. (EITB Media)

Azpeitiarrak nagusitasunez irabazi du gaur eguerdian Bilbon jokatutako finala Txikia IV.a iazko txapeldunaren eta Eneko Otañoren aurretik, txapel nagusia lehen aldiz janzteko.

Arazo fisikoak nagusi izan dituen urtean jantzi du Mikel Larrañagak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren txapela. Gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean, hasieratik bukaerara aurretik ibili ondoren eta bigarrenari ia bi munutuko aldea aterata, falta zitzaion txapela irabazi du azpeitiarrak. 2020an eta 2021ean txapeldunorde izan zen Larrañaga, Iker Vicenteren atzetik; eta iaz, berriz, hirugarren sailkatu zen, Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Eneko Otañoren atzetik.

Hamar kanaerdiko eta lau oinbiko moztu behar izan dituzte finalean lehiatu diren sei aizkolariek, eta txapeldunak 39 minutu eta 25 segundo behar izan ditu lanak osatzeko. Iazko txapelduna, Txikia IV.a azkoitiarra, sailkatu da bigarren postuan (41.19), Larrañagarengandik 1.55era; eta iaz Larrañagaren aurretik bigarren gelditu zen Otaño beizamarrarentzat izan da gaur podiumaren hirugarren koska (42.57). Hiru urolatarrak ziren aurreneko hiru tokiak betetzeko faboritoak, eta ez dute hutsik egin. Urrutiago gelditu dira beste hiru finalistak: Ugaitz Mugertza izan da laugarrena (47.28), Ibai Soroa bosgarrena (49.15) eta Julen Larrea seigarrena (49.53). Horrenbestez, azaroaren 4an Tolosan jokatutako kanporaketako sailkapenaren hurrenkera errepikatu dute aizkolariek finalean.

Gizonen finalaren aurretik jokatu dute gaur Bilbon emakumeen finala. Hiru lehiakide aritu dira bertan, eta Nerea Arrutik iaz lortutako garaipena berretsi du, Karmele Gisasola Zelai III.aren eta Malen Barrenetxearen aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide