Hiru urte eta gero, berriro jai giroan ospatu dituzte santaluziak gaur Elosiagan. Asteazkenean, hilaren 13an, izango da Santa Luzia eguna, baina aurten aurreko igandera aurreratu dituzte ospakizunak.
Eguraldi goxoarekin, auzoko baselizan aurrena eta ondoren Añota sagardotegian zein haren atarian elkartu da jendea eguerdian. Mezan izan direnak zein izan ez direnak trikiti eta pandero doinuekin hartu dituzte Itzederrek eta Lidiak Añotan eman dieten hamaiketakorako bidean. Batzuek hamaiketakoa bukatzerako hasi dira lanean herri kirol erakustaldiaren protagonistak, Goenatxo III.a eta Olaia Esnaola harri jasotzen, eta Txikia IV.a eta Otaño aizkoran, Aitor Mendiluze bertsolaria aurkezle lanetan lagun zutela. Herri kirol saioaren ondoren, bazkaltzeko elkartu dira elosiagarrak berriro Añotan.