Baigera Azpeitiko jubilatuen elkarteak prest ditu 2024rako bidaia luzeak. Urtero antolatu ohi ditu bidaia bereziak Baigerak, eta datorren urteko eskaintza ere itxita dute dagoeneko. 2024an zehar Extremadurara, Turkiara eta Galiziara egingo dituzte bidaiak, eta dagoeneko ireki dute horietan izena emateko epea.
Martxoan, hilaren 17tik 23ra, Extremadurara joango dira, baina dagoeneko leku guztiak bete direnez, beste bidaia bat antolatu dute apirilerako. Besteak beste, Caceres, Merida, Almendralejo, Jerte ibarra eta Hervas bisitatuko dituzte apirilaren 11tik 17ra. Bidaian parte hartu nahi dutenek 790 euro ordaindu beharko dute pertsonako.
Ekainean Turkia izango dute helmuga. Hain zuzen, ekainaren 22tik 30era egingo dute bidaia Turkiara, eta bederatzi egun horietan zehar Istanbul, Ankara eta Kapadozia bisitatuko dituzte. Bidaiaren prezioa, 1.795 euro izango da pertsonako.
Irailerako, berriz, Galiziara bidaia antolatu dute. Irailaren 2tik 8ra, sei egunez, hainbat txoko ezagutzeko aukera izango dute irteeran parte hartzen dutenek. Besteak beste, Pontevedra, Vigo, Tui, Sanxenxo, Rias Baixas eta Santiago de Compostela ikusteko parada izango da. Bidaiaren prezioa, 750 euro izango da pertsonako.
Informazio zehatzagoa jasotzeko edo izen-ematea egiteko, interesa dutenek Halcon bidaia agentziarekin jarri beharko dute harremanetan zuzenean, agentzia horren bidez kudeatzen baititu bidaiak Baigerak. Telefonoz deituta (943-81 06 73), Whatsapp bidez idatzita (688 821 256) edo mezu bat bidalita (halconv75@halconviajes.com) jar daiteke harremanetan bidaia agentziarekin.