Beste urte batez, beldurrezko eta fantasiazko zinemaren topagune bilakatu da Azpeitia asteburuan. Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema eta musika jaialdiaren hirugarren edizioa egin dute han, Ospel Filmsek Azpeitiko Udalaren eta Kulturazen laguntzarekin antolatutako ekimena.
Film laburren Sail Ofiziala izan da jaialdiko ekitaldi nagusiena. 275 film labur aurkeztu zituzten jaialdiaren barruko lehiaketara, eta horietatik hamasei aukeratu zituen epaimahaiak. Hain zuzen, hautatutako hamasei film horiek bota zituzten larunbatean Soreasun eta horien artetik atera da irabazlea. Rubi Rock zuzendari arabarraren Hado film laburra izan da aurtengo garailea, epaimahaiaren saria eta publikoarena, biak, jaso baititu. Saria oholtza gainean jasotzean, zuzendariak bere proiektuaren xehetasunak azaldu zituen jendaurrean.
Hain zuzen, aurtengo edizioko berrikuntzetako bat izan da ikuslegoaren sari banaketa. Ikusleek QR kode baten bidez izan zuten botoa emateko aukera. Azkenean bertan behera geratu zena, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen K Saria izan zen, Donostiako Zinemaldian filma eskaintzeko aukera ematen duena. "Ez dakigu zergatik, baina aldundiak kendu egin du sari hori eta ez digu inolako azalpenik eman", esan du Xanti Rodriguez Ospel Filmseko kideak. Hala ere, Sail Ofiziala "oso arrakastatsua" izan dela adierazi du Rodriguezek, aurreko bi edizioetan baino jende gehiago bertaratu delako aurtengo jaialdira. "Ikusleek zoriondu egin gaituzke film laburren kalitate bikainagatik. Oso pozik gaude jaialdiak izandako erantzun onarekin", gaineratu du Rodriguezek.
Bi eguneko jaialdia
Jaialdiaren barruan, film laburren Sail Ofizialaz gain, Su Ta Gar taldeak kontzertua eskaini zuen larunbat gauean Sanagustin kulturgunean, aretoa osorik betez. Igandean, berriz, haurrak izan ziren jaialdiko protagonista, marrazki tailerraz, makillaje tailerraz eta animazioko film laburrez gozatzeko aukera izan baitzuten Sanagustinen.