Aurrekoan bezala, emaitza kontrajarriak izan dituzte Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek azken jardunaldian ere. Eta aurreko astean bezala, Domusa Teknik ISBko emakumeak izan dira partida irabazi dutenak, eta Juaristi ISBko gizonak kontrako emaitza izan dutenak.
Aranguren Multibasket Nafarroako taldea hartu zuen Domusa Teknik ISBk zapatuan Azkoitiko kiroldegian, LF2 ligaren hamargarren jardunaldian. 71-67 irabazi zuen Joseba Lizarralde Rubioren taldeak, gorabehera dezente izan zituen neurketan. Lehen laurdenean bisitariak nagusitu ziren markagailuan (15-22), baina atsedenaldia baino lehen iritsi zen etxekoen erantzuna: 25-7 izan zen bigarren laurdenaren partziala, eta 40-29, bigarren zatia hasi aurreko emaitza. Bigarren laurdeneko erreakzio horri esker lortutako aldea erabakiorra izan zen partida amaieran; Arangurenekoek estutu zituzten Iraurgikoak (15-17 hirugarren laurdenean, 16-21 laugarrenean), baina Dmusa Teknik ISBk atsedenaldiaren aurretik lortutako abantaila kudeatzea lortu zuen, eta horrela, erreskadan bederatzigarren garaipena ere bai. Lehen jardunaldian galdu egin zuten Iraurgiko emakumeek, Lleidan (Katalunia), baina harrezkero jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte, eta bere multzoko sailkapeneko bigarrena da. Datorren asteburuan Bosonit Unibasketen etxean jokatu du Domusa Teknik ISBk, Logroñon (Errioxa, Espainia).
Juaristi ISBk, berriz, bi porrot kateatu ditu azken bi jardunaldietan. Atzo, Algecirasen (Andaluzia, Espainia), Zilarrezko LEB ligaren bere multzoko sailkapena ixten duen Damex Udeak 75-72 hartu zuen mendean Yon Gonzalezen taldea. Tarte handiarekin ez, baina atzetik ibili zen beti markagailuan Iraurgi. 19-16, 24-22 eta 18-12 irabazi zituen lehen hiru laurdenak etxeko taldeak, pixkanaka zuloa irekiz; horrela, antzua suertatu zen Iraurgikoentzat azken laurdeneko emaitza (14-22). Lehen 11 jardunaldietan sei partida irabazita eta bost galduta, sailkapenean bosgarren postuan dago Juaristi ISB, eta hirugarren tokian dagoen Buenos Arenas Albacete hartuko du etxean datorren asteburuan.