Gaur hasiko da Udazkeneko Mendi Astea

Aitziber Arzallus 2023ko abe. 12a, 10:12

'Azpeitiko eskaladaren hastapenak' bildumako argazkietako bat. (Utzitakoa)

Osteguna bitarte, egunero, mendizaletasunari buruzko hitzaldiak izango dira Basazabal jauregian, Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta. Azkena Azpeitiko eskaladaren hastapenei buruzkoa izango da.

Pirinioetan asteburu-pasak, etxetik hurbilagoko mendietara ibilaldiak, gaztetxoentzako mendi martxak, Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia egitasmoa, elkartasun hitzaldiak eta beste hamaika jarduera antolatu eta aurrera eraman dituzte Lagun Onak mendi bazkunako kideek aurtengoan ere, baina ez dute urtea bukatu nahi beste klasikoetako bati lekurik egin gabe. Urtean zehar bi mendi aste antolatzen dituzte, eta hemen da aurtengo bigarrena eta azkena: Udazkeneko Mendi Astea. Gaur hasi eta ostegunera bitartean, mendizaletasunari lotutako hiru hitzaldi izango dira Basazabal jauregian; eta hizlariak, ez hala-nolakoak.

Gaurko lehen saiorako bi alpinista ezagun gonbidatu dituzte: Mikel Zabalza eta Iker Madoz. Aurten Nepalen izan dira mendigoizale iruindarrak, Phurbi Chyachu (6.637 m) mendia historian bigarren aldiz igotzen saiatzen. Iaz, berriz, Jannun (7.468 m) izan ziren, Himalaiako gailurrik arriskutsuenetako batean, Azpeitiko Udalak emandako Joxe Takolo bekak lagunduta. Bi espedizio horien inguruan hitz egingo dute, baita beste hamaika konturen inguruan ere.

Bihar, berriz, Koldo Zubimendi erandiotarra (Bizkaia) izango da Basazabal jauregian. Lagun Onakeko kideek zehaztu dutenez, Udazkeneko Mendi Asteko bigarren gonbidatuaz gain, #MendikoAhotsak serieko hemezortzigarren hizlaria ere izango da Zubimendi. Bizkaiko mendizalea Asiako Karakorum mendilerroan ibili da aurten, eta sekulako lorpena eginda bueltatu da etxera: inoiz inork zapaldu gabeko Kharut II (6.800 m) gailurra egin du; bakar-bakarrik, gainera. Besteak beste, hango bizipenak kontatuko ditu biharko saioan.

Azkenik, aurtengo Udazkeneko Mendi Asteko hirugarren saiorako, Azpeiti-Azkoitiko hiru eskalatzaile mitiko gonbidatu dituzte: Krispin Agirre, Iosu Arrieta Ixkurre eta Xabier Eizagirre Potronko. Lagun Onak mendi bazkunako kideek azaldu dutenez, azken hilabeteetan argazki zaharrak biltzen eta digitalizatzen aritu dira hiru eskalatzaileak, eta osatu duten bilduma lagun, Azpeitiko eskaladaren hastapenei buruz luze eta zabal hitz egingo dute osteguneko saioan. "Hitzaldia iragartzeko kartela egiteko aukeratu dituzten irudiei erreparatzea nahikoa da esku artean duten altxorraz jabetzeko".

Saio guztiak Basazabal jauregian izango dira, sarrerarik ordaindu beharrik gabe eta 19:00etan hasita. Mendi bazkunako kideek azaltzeko deia egin diete gaian interesa duten herritarrei, hirurak ere entzuteko moduko hitzaldiak izango direla iritzita.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide