2023a amaitzearekin batera urteko kiroldegiko bazkidetzak berritzeko lanekin hasiko da Azpeitiko Udala. Alde batetik, Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkidetzan 18 urtetik gorako ikasleek, langabeek edo gutxieneko errentagatik hobaria jasotzen dutenek datorren urteko kuotan hobaria jaso nahi badute, abenduaren 19a izango dute eguneratutako agiriak aurkezteko azken eguna. Igerilekuko harreran edo adminisigerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikoan aurkeztu daitezke orriak.
Bestetik, 2024ko urteko kuotan baja eman nahi dutenek abenduaren 29ra bitarte izango dute baja orria aurkezteko aukera, igerilekuko harreran. Kirol Patronatuak jakinarazi du, baja eman ezean, 2024ko bazkidetza automatikoki berrituko dela. Halaber, kuota ordainketa bakarrean egin nahi dutenek, hala adierazi beharko dute, bestela, automatikoki hilabeteko kuoten bitartez egingo da abonuaren ordainketa.
2024ko kuotak %3 igoko dira, 2023ko urriaren 3an egindako osoko bilkuran adostutakoaren arabera. Informazio zehatza laster egongo da ikusgai, Kirol Patronatuaren webgunean.