'El maestro que prometió el mar' eta 'Mavka: basoaren zaindaria' filmak emango dituzte Soreasun

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 13a, 09:22

'El maestro que prometió el mar' filmaren irudia.

Datorren igandean eta astelehenean izango dira zinema saioak antzokian. Bi egunetan emango dute El maestro que prometió el mar, eta igandean bakarrik Mavka: basoaren zaindaria. Hiru saioetarako sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Beste bi film ikusteko aukera izango da datozen igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Mavka: basoaren zaindaria (Ukraina, 2023) animaziozko filmak irekiko du zinema asteburua igande arratsaldean (16:30); igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan, berriz, El maestro que prometió el mar (Espainia, 2023) emango dute. Hiru saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturaz.eus webgunean.

Aleksandra Ruban eta Oleh Malamuzh zuzendarien lana da Mavka: basoaren zaindaria. Honela dio filmaren sinopsiak: "Goi Mendi Beltzetatik haratago, izaki fantastikoz betetako erresuma bat zabaltzen da. Mavka da baso sorgindu horren zaindaria, eta basoa gizakien erasoetatik babestea da bere eginkizun nagusia. Maitasunaren eta zaindari betebeharraren arteko hautu ezinezkoari aurre egin beharko dio Mavkak gizaki batekin maitemintzen denean".

El maestro que prometió el mar Patricia Font zuzendari kataluniarraren filma da eta Espainiako gerra hasieran Burgosen afusilatu zuten Antoni Benaiges irakasle kataluniarrareb historian oinarrituta dago. Enric Auquer eta Laia Costa dira aktore nagusiak, eta Ramon Agirre ere badago antzezle zerrendan. Espainiako zinemaren Goya sarietarako bost izendapen jaso ditu filmak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide