2024ko udal aurrekontua ez ezik, besteak beste, bi mozio ere aurkeztu eta onartu zituzten atzo, abenduko udalbatzarrean: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarena (EHPM) bata, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea aldarrikatuz eta Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformakoek aurkeztuta; eta Azpeitiko Sarek aurkeztutakoa bestea, Giltzak. Gu Gara Giltza! izenburuarekin, Sare Herritarrak urrian aurkeztutako Konponbiderako Giltzak manifestuari atxikimendua eskatuz.
Bi mozioak onartu zituen udalbatzarrak, biak udal gobernua osatzen duten EH Bilduren zinegotzien aldeko botoekin eta oposizioan dagoen EAJren zinegotzien abstentzioarekin. EHPM mozio bera aurkezten ari da Araba Bizkai eta Gipuzkoako udaletan, Eudel udalen elkartean eta aipatu hiru lurraldeetako foru aldundietan, horiek Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari eska diezaieten gutxieneko pentsioak osatzeko dirua jartzea, guztiak 1.080 eurora iristeko. EAJk gai beraren gainean kontramozioa aurkeztu zuen atzo. Beraien idatzia aurkezterakoan, Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak pentsioak arautzeko "eskumenik ez" dutela arrazoitu zuen, batetik, Jabier Altunak; eta bestetik, bai Jaurlaritzak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte babesera bideratzen dituzten baliabideak eta laguntzak goraipatu zituen. Jeltzaleen kontramozioaren puntu batzuekin ados zeudela eta, udal gobernuko kideak abstenitu egin ziren horren bozketan.
Babesa eta mobilizatzeko deia
Azpeitiko Sarek aurkeztutako mozioarekin lotuta, udal gobernuko kide guztiek argazkia atera zuten udalbatzarra amaitu ondoren.
Konponbiderako Giltzak manifestuari mozioa onartuta babesa adierazi ondoren, giltzak eta kartelak eskuetan, Azpeitiko Sarek Gabonetarako deitu dituen ekintzetan parte hartzera eta mobilizatzera deitu zituzten herritarrak EH Bilduren ordezkariek.