Bihar jarriko dituzte saltzen 2024ko Kultur Bonuak

Nerea Uranga 2023ko abe. 13a, 13:07

2024ko Kultur Bonua digitala izango da.

Bihar, osteguna, zabalduko du Kulturazek datorren urteko Kultur Bonua eskuratzeko aukera. 90 euro balioko ditu, eta ikasleek, langabetuek eta pentsiodunek %50eko deskontua izango dute. 2024ko Kultur Bonua digitala izango da.

Bihar, abenduak 14, 19:00etan irekiko dute 2024ko Kultur Bonua erosteko aukera, kulturaz.eus webgunean. 90 euroko kostua izango du bonuak, eta ikasle, langabetu eta pentsiodunek %50eko deskontua izango dute, Azpeitiko Udalaren laguntzari esker. Deskontu hori jaso ahal izateko, beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera izango dute Kultur Bonua dutenek. Honako sarrerak izango dituzte eskuragai bonudunek: hamar sarrera kontzertuetarako, hamar sarrera film emanaldietarako, sei sarrera antzerki edota dantza ekitaldietarako, sei sarrera haurren ikuskizunetarako eta tailerretan nahiz ikastaroetan parte hartzeko deskontuak. Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldi bakoitzerako gehienez bi sarrera hartu ahal izango dira, eta ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian. Kulturazek adierazi duenez, "diziplina askotako ekitaldi ugariz osatutako urte oparoa" izango da 2024a.

Bonua digitala

2024ko bonua digitala izango da, eta Kulturaz apparen bidez erabili ahal izango da. Aplikazio horretan Kultur Bonoaren kodea izango dute, eta bertatik erabilera jarraitu ahal izango dute.

2013. urtetik dago Kultur Bonua martxan, eta datorren urtean hamabigarren urtea beteko du, eta Kulturazek adierazi duenez, "oso harrera ona" izan du urtero herritarren artean. "Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jartzeko eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturazale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikusleak indartzea eta belaunaldi berriak erakartzea", adierazi du Kulturazek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide