Odola hainbatetan eman duten herritarrei aitortza egiteko urteroko ekitaldia egingo du igandean, abenduaren 17an, Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak. Sanagustin kulturgunean dute hitzordua, 12:00etan, eta oroigarriak banatu ondoren, mokadutxoarekin ospatuko dute bilkura.
Guztira, hamasei herritarrek jasoko dituzte dominak eta diplomak igandeko ekitaldian. Gehienak, zazpi, odola 25 aldiz emandakoak dira; 40 odol emate egin dituzten bik, 50 aldiz odola eman duten lauk, 75 aldiz emandako batek eta ehun aldiz odola eman duten bik ere jasoko dituzte dagozkien oroigarriak eta odol emaileen elkartekoen esker ona.