Hasi dute Arkupehotsaken seigarren edizioa

Nerea Uranga 2023ko abe. 14a, 15:11

Arkupehotsak egitasmoaren seigarren edizioko musikariak eta antolatzaileak. (Kulturaz)

Xabier Badiola, Haizkan, Larrux eta Kulata taldeek parte hartuko dute "musika sortzaile berrien plaza" izaten jarraitu nahi duen Arkupehotsaken seigarren edizioan. Talde horiek Dinamoko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, bi formakuntza saio jasoko dituzte eta kontzertu bana joko dute Sanagustin kulturgunean.

Asteartean aurkeztu zuten Arkupehotsaken seigarren edizioa Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Hasi berri duten edizioan, Xabier Badiola, Haizkan, Larrux eta Kulata musika taldeek parte hartuko dute. Musika sortzaile berrien plaza izaten jarraitu nahi du Kulturaz kooperatibak antolatzen duen egitasmoak, hala azaldu du Kulturazek: "Musikaren eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta lan plazaratzea dira proiektuaren ildo nagusiak".

Arkupehotsaken parte hartuko duten lau musika taldeek Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, entseatzeko nahiz zuzenekoa prestatzeko. Horrez gainera, bi formakuntza saio jasoko dituzte: Eñaut Gaztañagarekin saio teknikoa eta Lide Hernandorekin eta Gartxot Usainekin artistikoa. 

Formakuntza saioen ondoren, Sanagustin kulturguneko arkupean kontzertu bana eskainiko dute taldeek. Otsailaren 25ean, Xabier Badiola musikari eibartarrak joko du. Hainbat musika taldetan jo ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio Badiolak, folkera itzuliz. Lan luze bat aurkeztu berri du.

Martxoaren 24an, Larrux taldea ariko da Sanagustingo arkupetako agertokian. Rock eta indie doinuak jotzen ditu, batzuetan bakarrik eta beste batzuetan, berriz, beste musikari batzuek lagunduta. Hainbat taldetan baxua eta gitarra jotzen aritu ostean, bakarka kantak sortzen hasi zen.

Apirilaren 28an, berriz, Haizkan taldearen txanda izango da Sanagustinen. 2020. urtean sortutako taldea da, eta iaz kaleratu zuen Etsi izeneko lehen EP-a. Aurten, hiru single kaleratu ditu taldeak, eta orain, grabaketetan murgilduta dabiltza datorren urtearen hasieran EP berria kaleratzeko.

Maiatzaren 26an Kulata taldeak itxiko du Arkupehotsaken seigarren edizioa. Kulata arte eszenikoaren, plastikoaren eta musikalaren esperientziak batutako taldea da. Ahotsak, synthea, perkusioa, biolina, gitarra, baxua eta idazketa harremanetan jarri nahi dituzte esperimentaziorako eta plazererako gunea sortuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide