Zirkua eta gaztaina jana izango dituzte zapatuan Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 14a, 18:13

Joan den urteko gaztaina jana, Urrestillan. (Urrestillako Festa Batzordea)

Gure Zirkuan aritzen diren Lur Aranburu bihurrikariak eta Ekain Ibarguren pailazoak ikuskizuna eskainiko dute Txikuri pilotalekuan, eta ondoren, bertan erretako gaztainak jateko aukera izango da plazan.

Urteroko gaztaina jan herrikoiaren txanda izango da etzi, zapatua, Urrestillan, eta gaztaina jana osatuko duen kultur ekintza ere izango dute aurten.

Iaz ipuin kontaketa prestatu bazuten, aurten adin guztietako herritarren neurriko zirku ikuskizuna antolatu dute Urrestillako Festa Batzordekoek. 18:00etan, Txikuri pilotalekuan, Zirkuko piztiak ikuskizuna eskainiko dute Gure Zirkuan aritzen diren Lur Aranburu bihurrikari edo kontortsionistak eta Ekain Ibarguren pailazoak.

Eta ikuskizunaren ondoren, 19:00etatik aurrera, plazan izango da hitzordua, bertan danbolinetan erreko dituzten gaztainak dastatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide