Loiolako basilikako euskarazko mezen ordutegia aldatu egingo dute urtarriletik aurrera

Nerea Uranga 2023ko abe. 15a, 12:40

Loiolako basilikako meza bat.

Jaiegunetako mezetan fededunak gutxitu direlako eta apaizik ez dagoelako hartu dute erabakia. Jesulagunek adierazi dutenez, erabakia ez zaie erraza egin, baina guztientzako "zerbitzu hobea bilatzeko" hartu dute.

Datorren urtarrilaren 1etik aurrera igande eta jaiegunetan euskarazko meza bakarra izango da Loiolako basilikan, 11:30ean. Erabaki hori hartzea ez zaiela erraza egin adierazi dute Loiolako santutegiko jesulagunek, baina zerbitzu hobea emateko asmoz egin dutela. "Azken aldian, santutegiko jesulagunok igande eta jaiegunetako 11:00etako eta 12:00etako mezetan fededunak gutxitu egin direla egiaztatu dugu. Bestalde, eta apaizik ez dagoenez, gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu beste leku batzuei erantzuteko. Asko aztertu eta kontsultatu ondoren, urtarrilaren 1etik aurrera igande eta jaiegunetan euskarazko meza bakarra izatea erabaki dugu, 11:30ean. Ez zaigu erraza edo erosoa egiten erabaki hori hartzea, baina guztiontzako zerbitzu hobea bilatzeko egiten dugu", adierazi dute Loiolako Santutegiko jesulagunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide