Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak proiektu eolikoen inguruko iragarpenak dakartza gaur. Hain zuzen ere, bost zentral eolikoren proiektuei buruzko informazioa kaleratu dute, tartean, Oletako Buruzai egitasmoaren ingurukoa. Iragarki horretan jasotzen denez, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso eta Zumarraga udalerrien artean kokatuko litzateke proiektua, eta egitasmoaren nahiz hari lotutako azpiegituren aurretiazko administrazio baimenak eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskabideak aurkeztu ditu Green Capital enpresak –Capital Energy taldearen barruko sozietate bat–.
Iragarkiaren arabera, 20 MWeko parke eolikoa egiteko asmoa du Green Capitalek, eta zentralak honako ezaugarri hauek izango lituzke: 5 MW potentziako lau aerosorgailu. Buruzai parke eolikotik Ezkioko azpiestaziora bideratuko lukete sortutako energia elektrikoa, bost kilometro baino gehiagoko lur azpiko linea batekin, eta bi zatitan banatuko litzateke, Azpeitiko eta Ezkio-Itsasoko udal mugarteetatik igaroz. Guztira, 19.573.557 euroko aurrekontua izango luke egitasmoak.
Jendaurrean jarri dute Buruzai parke eolikoari eta hari lotutako azpiegiturei buruzko proiektua nahiz ingurumen inpaktuaren adierazpena. 30 egunez egongo da iragarkia jendaurrean, eta herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izango dute epe horren barruan.