Gabon giroan murgiltzen joateko, jai giroko ekintzak izan dituzte gaur arratsaldean Urrestillan. Hain zuzen ere, adin guztietako herritarren neurriko zirku ikuskizuna izan da 18:00etan hasita Txikuri pilotalekuan, Urrestillako Festa Batzordeak antolatuta. Zirkuko piztiak ikuskizuna eskaintzekoak ziren Gure Zirkuan aritzen diren Lur Aranburu bihurrikari edo kontortsionista eta Ekain Ibarguren pailazoa, baina Aranburu gaixorik dagoela eta, pailazo azpeitiarrak soilik gauzatu du ikuskizuna. Dena den, frontoia leporaino bete da, eta gozatu ederra hartu dute bertaratu diren haurrek nahiz helduek.
Ikuskizunaren ondoren, 19:00etatik aurrera, plazan izan da hitzordua; izan ere, danbolinetan erre dituzten gaztainak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.