Emakumeentzat berdinketa, gizonentzat porrota

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 17a, 09:56

Lagun Onakeko emakumeek atzo zelairatutako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Lagun Onak futbol klubeko emakumeen talde nagusiak 2 eta 2 berdindu du Elgoibarren aurkako partida. Espainiako Hirugarren Mailako gizonek, berriz, 0 eta 1 galdu dute Beasainen aurkako neurketa.

Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek atzo, larunbata, jokatu zituzten aste honetako neurketak. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Elgoibarren aurka jokatu zuen partida, 16:00etan hasita, Elgoibarreko Mintxeta zelaian. 2 eta 2 amaitu zen norgehiagoka, eta zapore gazi-gozoarekin etxeratu ziren Lagun Onakeko jokalariak.

Izan ere, neurketa hasi orduko, bigarren minutuan, Elene Alonsok lehen gola sartu zuen, eta beraz, berehala aurretik jarri zen Lagun Onak. Dena den, lehen zatia intentsitate handikoa izan zen, eta baloiaren jabetza nahiko parekatua izan zen bi taldeetan. Elgoibar atzetik jokatzen saiatu zen, baina Lagun Onakek defentsan lan ona egin zuen; kontraatakean ateratzea nahi zuten, baina ez zuten lortu bigarrena sartzea. Horrela zirela, 35. minutuaren bueltan, Elgoibarrek gola sartu zuen, falta baten ostean. Atsedenaldira arantza horrekin joan zen Lagun Onak.

Bigarren zatian, jaun eta jabe izan zen Lagun Onak, eta 50. minutuan bigarren gola sartu zuen Sara Amenabarrek, korner baten ondoren. Elgoibarrek ez zuen aukerarik sortu bigarren zatian, eta Lagun Onakek partida irabaziko zuela zirudien arren, epaileak hiru txistu jo arte ez da amaitzen partida, eta 93. minutuan, belarrondokoa jaso zuen Lagun Onakek. Epaileak lau minutuko luzapena adierazi zuen, eta hiru igaro zirenean, urruneko jaurtika baten ostean, bigarren gola egin zuen Elgoibarrek. Horrenbestez, puntu batekin konformatu behar izan zuen Lagun Onakek. Datorren astean jokatuko dute hurrengo neurketa, Zumaiakoren aurka, etxean.

Gizonek ezin Beasaini irabazi

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, Beasainen aurka neurtu zituen indarrak atzo, Garmendipe futbol zelaian. Mikel Etxaburu entrenatzailearekin jokatutako lehen neurketa izan zen atzokoa, eta ezin izan zuten garaipenik eskuratu; 0 eta 1 amaitu zen partida. Hain zuzen ere, 33. mintuuan sartu zuen garaipenaren gola Beasainek.

Goiko postuetako lehia izan zen atzokoa. Partida hasi aurretik, Beasainek Lagun Onakek baino puntu bat gehiago zuen, eta orain lau punturen aldea atera dio. Hala ere, lau onenen barruan jarraituko du Lagun Onakek beste astebetez, 28 punturekin. Datorren jardunaldia urtarrileko lehen asteburuan jokatu du Lagun Onakek, San Ignacioren aurka, etxetik kanpo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide