Maila onean jarraitzen dute ISBren gizon-emakumeen lehen taldeek. Nola Juaristi ISBk hala Domusa Teknik ISBk sailkapeneko goiko postuei eusteko garaipenak eskuratu zituzten atzo, larunbata. Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten gizonek, eta 71-70 menderatu zuten Bueno Arenas Albacete Basket taldea. Logroñon (Espainia) aritu ziren Domusa Teknik taldeko emakumeak, eta 57-64 irabazi zuten Bosonit Unibasket taldearen aurka.
Lehen laurden aparta jokatu zuten Yon Gonzalezen mutilek (27-13), eta aurreneko hamar minutu horietan ateratako errentari esker lortu zuen ISBk, hein batean, garaipena. Bigarren laurdena kanpokoena izan zen (14-16), hirugarrena etxekoena (16-14), baina gauzak serio azken laurdenean jarri ziren; izan ere, Albaceteko (Espainia) taldeak ordura arteko abantaila guztia murriztea lortu zuen. Hamalau puntuko errenta gutxika-gutxika txikitu egin zuten bisitariek, baina ISBren zorionerako, ez zuten lortu inoiz aurretik jartzea. Gonzalezen taldea une oro nagusi izan zen markagailuan.
Nahiz eta atzoko saskiratzaile onena Cade Christopher Mc Knight izan –22 puntu saskiratu zituen–, Ludgy Dominique Debaut nabarmendu zen ISBn; hark, besteak beste, hamar puntu eta hamabi errebote lortu zituen, 23 puntuko balorazioa erdietsiz. Atzoko garaipenarekin, aurreneko bost talde onenen barruan dago egun ISB –bosgarrena da, zazpi garaipenekin eta bost porrotekin–. Asteazkenean, hilaren 20an, jokatuko du Juaristi ISBk hurrengo jardunaldiko neurketa. Juventud Alcala Madrilgo taldea izango dute kontrario, 20:00etan, Alcala de Henaresko (Espainia) Montemadrid Fundacion pabilioian.
Emakumeak ere sendo
Domusa Teknik ISBk gizonek baino garaipen erosoagoa eskuratu zuen atzo Logroñora (Espainia) egindako bidaian. Goiko postuetan dabilen Bosonit Unibasket izan zuen arerio Mikel Lizarralde Rubioren taldeak, eta 57-64 irabazi zuten. Ezin hobeto ekin zion lehiari ISBk, lehen laurdenean goitik behera nagustiu baitzen Azkoiti-Azpeitiko taldea; 5-21 erakusten zuen markagailuak jokatutako lehen hamar minutuen ondoren.
Gerora, baina, lehia parekatuagoa jokatu zuten Bosonit Unibasketek eta Domusa Teknik ISBk. Etxekoek pixkanaka-pixkanaka errenta txikitzea lortu zuten, baina inoiz ez zuten lortu ISB estutzea. Amaieran, zazpi puntuko errentarekin goiko postuetan jarraitzeko puntua batu zuten Lizarralderenek Logroñon. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko bigarrena da ISBren emakumeen lehen taldea, oraindik neurketarik galdu ez duen Ausarta Barakaldo E.S.T. taldearen atzetik.
Atzo, Juana Maria Molina nabarmendu zen ISBn. Hamalau puntu saskiratu, lau errebote batu eta saskiratzeko zazpi asistentzia emanda, guztira, hogei puntuko balorazioa lortu zuen joko antolatzaileak. Ligari dagokionez, amaitu ditu ISBk aurtengoak. Datorren urteari urtarrileko lehen asteburuan ekingo dio ISBk, eta ez du aurkari samurra izango, Lizarralderen taldeak Ausarta Barakaldo E.S.T. taldea jasoko baitu etxean.