Iraurgi Saskibaloiak berrikuntza aipagarriekin eta indarberrituta ekingo dio 2024ari, kluba sortu zeneko 50. urteurrena ospatuko duten urteari.
Joan den asteazkenean egin zuen klubak urteko batzar nagusia, eta balantze, aurrekontu eta plangintza artean aurketu zituen han berrikuntza nagusiak. Zuzendaritza batzordea berritu du, batetik, ISBk. Maier Lizasok beste lau urtez jarraituko du presidente karguan, Stephanie Thurmanek jarraituko du idazkaritzan, eta gainerako kideak berriak izango dira: Maitane Gurrutxaga arduratuko da ekonomia arloaz, Igor Mantzizidor ekintzetaz, eta Luis Agirre arlo teknikoaz. Denboraldi hasieratik lanean da, era berean, klubaren egitura indartzeko sortu duten Kirol Mahaia. Ibon Guridi kirol zuzendaria da zuzendaritzaren eta Kirol Mahaiaren arteko zubi lana egiten duen pertsona. Kirol Mahaia, berriz, arlo teknikoko koordinatzaileek osatzen dute: David Rodriguez eta Ibon Guridi dira gizonen arloko koordinatzaileak, Luis Agirre eta Asier Larrañaga emakumeen arlokoak, eta Eneko Artola saskibaloi eskolakoa.
2023-2024 denboraldian, guztira 39 talde, 406 jokalari eta 61 entrenatzaile ditu Iraurgi Saskibaloiak.
Urteurreneko ospakizunen zertzeladak
2024an sorrerako 50. urteurrena ospatuko du Azpeiti-Azkoitiko saskibaloi klubak, eta ospakizunen zertzelada nagusiak aurkeztu zituen batzarrean Iraurgik.
Bi egitasmo nagusi aurreikusi ditu klubak 50. urteurrenaren bueltan. 25. urtemugan liburua argitaratu bazuen, klubaren mende erdiko ibilbidea dokumental batean jasoko du orain Iraurgi Saskibaloiak, batetik. Bestetik, ibilbide luze eta oparo horretan esanguratsuak izan diran pertsonak gogora ekartzea eta omentzea nahi dute klubaren egungo arduradunek, eta gizonen zein emakumeen talde nagusiek 2024an etxean jokatuko dituzten partidak baliatuko dituzte omenaldi horiek egiteko. Lehen bi hitzorduak urtarrilaren 7an izango dituzte, Domusa Teknik ISB-Ausarta Barakaldo eta Juaristi ISB- La Roda neurketetan.
Horiez gain, 50. urteurrenerako logoa prestatu du Iraurgik; jokalarientzat entrenamenduko kamiseta berriak egin dituzte logo horrekin, eta ISBren jarraitzaileek ere izango dute beraientzat egindako urteurreneko kamiseta eskuratzeko aukera.