Bihar grebara deituta daude sektore publikoko langileak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 18a, 17:05

Azpeitiko anbulatorioa.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek egin dute deialdia. Besteak beste, datorren urterako soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea aldarrikatzen dute. Azpeitian, hezkuntzan eta osasungintzan eragina izango dute lanuzteek, eta udal azpiegiturak irekita egongo direla "aurreikusi" dute.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek bihar grebara deitu dituzte sektore publikoko langileak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 150.000 langilek egiten dute lan arlo publikoan hiru lurralde horietan. Hala, bihar ohiko zerbitzuak baino murritzagoak aurreikusten dira hezkuntza publikoan, osasun etxeetan, udal zerbitzuetan nahiz garraio publikoan.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastolan ere bihar arte ez dute jakingo zehatz-mehatz zenbat langilek joko duten grebara, baina deialdiak eragina izango du bi ikastetxeotan. Karmelo Etxegarain langileen %40k greba egingo duela aurreikusi dute, eta Urolan langileen herenak; gutxieneko zerbitzuak bermatuta izango dituzte bietan, hala nola jangela, garraio eta zaintza zerbitzuak. Osasun etxean ere eragina izango du biharko grebak, baina ez dute aurreratu eragina zenbatekoa izango den.

Eskualdean, Zestoako Udalak dagoeneko jakinarazi du udal langile guztiek greba egingo dutela, eta gutxieneko zerbitzuak ere zehaztu dituzte. Aizarnazabalen, aldiz, udal zerbitzuetan grebarik ez dela izango baieztatu du udalak. Azpeitian, udalak ez du zehaztu zenbat langilek egingo duten bat deialdiarekin; "langile bakoitzak erabakiko du zer egin", baina udal azpiegiturak irekita egotea "aurreikusi" du erakundeak.

Sindikatu deitzaileek urriaren 25ean ere deitu zuten grebara, eta biharkoa bigarren protesta eguna izango da. Langileen ordezkarientzat, zerbitzu publikoek "okerrera" egin dute azken urteotan, eta horrek "eragin zuzena" izan du herritarrei eskainitako arretan. Sindikatuen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea datorren urterako, eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide