Forugh Farrokhzad idazlearen lana izango dute irakurgai bihar Apoa irakurle taldearen bigarren saioan

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 19a, 10:28

Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumako 33. liburuxka irakurriko dute, 19:00etan hasita. Lana irakurri ez ezik, horren inguruan mintzatuko dira parte-hartzaileak. 

Apoa Askoren Poesia Ahotsak irakurle taldearen bigarren saioa egingo dute bihar, abenduak 20, Dinamoa sormen gunean. Forugh Farrokhzad idazlearen lana irakurriko dute bertan, Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumako 33.a, hain zuzen. Miren Agur Meabek itzuli zuen Farrokhzaden obra. Saioa 19:00etan hasiko da, eta irekia izango da. 

Forugh Farrokhzad Irango poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Haren lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen Farrokhzadek (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan asko goraipatu dena.

Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia hitz bihurtzeko gaitasuna erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira haren lan askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere eskaintzen du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide