Uztarria.eus-eko testuak irakurri eta entzuteko aukera egongo da hemendik aurrera

Erredakzioa 2023ko abe. 21a, 08:26

Elhuyarrek garatu du tresna Tokikomeko bazkideentzat, tartean Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) webguneentzat. Hala, nahi duenak testua irakurri beharrean UKTko Ihintza Elustondo edo Jabi Gonzalez Toston kazetarien ahotsa aukeratu, eta testu hori entzuteko aukera izango du. Adimen artifizialean puntakoa den arkitektura neuronala erabilita sortu dute tresna, eta modu horretara, hiztun gehiago dituzten hizkuntzekin dagoeneko erabiltzen den teknologia ekarri dute euskarara.

Aste honen hasieratik, Uztarria.eus atariko erabiltzaileek aukeran dute testuak irakurri ala testu horiek entzutea. Izan ere, albiste guztietan, titularraren gainaldean ageri da albistea entzuteko barra, eta hor, pertsonaren irudiaren gainean klik eginda, erabiltzaileak Ihintza edo Jabi kazetariaren ahotsa aukera dezake. Hedabide honetako kazetariak dira biak. Play botoiari eman, eta albistea goitik behera irakurriko du ahotsak.

Elhuyarrek Tokikomeko bazkideentzat –tartean UKT Urolako Komunikazio Taldearen webguneentzat– garatu du teknologia hori adimen artifizialean puntakoa den arkitetura neuronala erabilita. Horretarako, hedabide bakoitzeko bina kazetarirekin grabaketa saioak egin dituzte aurrez, horiei hainbat hitz eta esaldi irakurraraziz.

Urolako Komunikazio Taldeak aurrerantzean ere bide horretan  jarraituko du, hau da, herritarrak euskaraz informatzen segitzeko gaur egun eskura dauden puntako teknologiak baliatzen; eta, hori, nola ez, bertako eragile eta enpresekin egingo du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide