Langraiz Oka (Araba), Agurain (Araba), Elgoibar (Gipuzkoa)... eta, orain, Azpeitia. Larunbatean geldialdia egingo du Ekain Ibarguren azpeitiarrak etxean, urriaz geroztik prestatzen dabilen Slapstik lana aurkezteko. Soreasun plazaratuko du bere bakarkako azken lana pailazoak, 17:00etan.
Ikuskizunak "betiko formatua" izango duela azaldu du Ibargurenek: "Urtero sortzen dut horrelako emanaldi bat, azken hilabeteetan ikasi ditudan trikimailu berriak eta beste hainbat elkartuta". Pailazoen ohiko trikimailuak egingo ditu; ikusle guztien barrea eragiteko asmoz, txisteak kontatuko ditu; eta haien parte hartzea ere bultzatuko du: "Asko gustatzen zait publikoarekin jolastea; beraiek xaxatzea. Egin ditudan emanaldietan ikusi dut jendeak ondo pasatzen duela pailazo batek albokoari adarra jotzen dionean". Ikuskizuna "entretenigarriagoa" eta gauzatzeko "errazagoa" da publikoak parte hartzen badu.
Emanaldia iragartzeko prestatutako kartelean pailazo bat ikusita, haur txikientzako egindako emanaldia dela pentsa dezake jendeak, baina gutxi gorabehera 5 urtetik gorako umeei zuzendutakoa dela argitu du azpeitiarrak. "Ez dut esango soilik helduei zuzendutakoa denik, baina egiten ditudan txantxak eta komentarioak askotan helduek bakarrik ulertzen dituzte, eta hobeto pasatzen dute", dio pailazoak.
Gure Zirkuarekin biran igarotzen ditu urtean zortzi hilabete Ibargurenek; bukatu aurretik, ordea, bakarkako ibilbidea prestatzeari ekiten dio: "Zirkuko bira amaitzeko bi hilabete inguru falta direnean, buruari bueltak ematen hasten naiz emanaldia prestatzeko". Azken bi hilabeteetako lanaren emaitza da Slapstik, eta aurreko urteetan zein bere pailazo ibilbidean ikasi dituen jokoak barne hartzen ditu: "Gustuko eta ez hain gustuko izan ditudan trikimailuak sartu ditut azken ikuskizun honetan. Horrez gain, bere garaian oso ondo atera ez zitzaizkidanak lantzen eta berriz ere horiek ateratzen saiatu naiz". Izan ere, urteak daramatza azpeitiarrak oholtza gainean pailazoarena egiten, eta "asko" ikasi du ordutik.
Oholtza gainean protagonista bat eta bakarra Ekain pailazoa izango den arren, laguntzaileak ere baditu. Kasu honetan, iragarkietarako kartelak Iban Izagirrek egin ditu, baita emanaldietako dekoratua prestatu ere. Herriz herri mugitzen denean alboan izaten du, gainera, Jon Lokatza; hark egiten ditu emanaldietan teknikari lanak.
50 minutu inguruko iraupena izango du emanaldiak. Sarrerak eskuragarri daude Kulturazen webgunean, eta interesdunek 7 eurotan lortu ditzakete. Ibargurenek azaldu du 17:00etan puntuan hasiko dela ikuskizuna, eta grabatu egingo dutela.