Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta, Eusebio Eizmendi Txapel bertsolari zenaren omenezko bertso saioa izan zen atzo gauean Soreasu antzokian, eta jende ugari bertaratu zen saioaz gozatzera. Haritz Etxeberria Ministro aritu zen gai jartzaile lanetan, eta bertsotan, berriz, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Oier Etxeberria eta Julene Iturbe. Ibarzabalek Bizkaiko bigarren txapela eskuratu berritan abestu zuen atzo.
Askotariko gaiak izan zituzten kanturako abiapuntu, besteak beste, gerra, Azpeitia, Ikastolak eta euskara, parrandako musika... Kideen hiletan abesteko bertsoak ere bota zituzten, umorez beteta, eta bero erantzun zuten entzuleek.
Saioa bukatzean, gogoan izan zuten Gotzon Aranburu preso azpeitiarra, eta "euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean" bertsoa eta euskara sustatzen jarraitzeko deia egin zuten Erniarraitz bertsozale elkartekoek.