Haurrei eta helduei zuzendutako soinu tailerra eskainiko du Sarah Rasinesek urtarrilaren 3an

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 22a, 12:06

Kaseteen autoedizioa tailerra eskainiko du Sarah Rasinesek urtarilaren 3an. Bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Kaseteekin "soinu ez-konbentzionalak" egiteko moduari buruzko tailer esperimentala eta "magnetikoa" da eskainiko dutena. Besteak beste, zinta-loopak lotzen ikasiko dute bertan parte hartzen dutenek, eta hausnartzeko aukera ere izango da. 

Familiei, gaztetxoei eta helduei, zuzendutako soinu sorkuntza tailerra eskainiko du Sarah Rasinesek urtarrilaren 3an Dinamoa sormen gunean. Kaseteak hackeatuz loop-ak eta bestelako grabaketak sortuko dituzte bertan parte hartzen dutenek, "modu artisau batetan.". Ikastaroa 17:00etan hasiko da, eta bertan parte hartu ahal izateko izena eman behar da aurrez, honako lotura honetan

Antolatzaileek aurreratu dutenez, "zinta-loopak lotzen" ikasiko dute ikastaroan: "Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen benetan zinta magnetikoak, nola ustiatzen dituen bere berezitasunak musika egiteko".  Era berean, "kasete zintaren inpaktu kultural ikaragarriari buruz" eztabaidatuko dute, Rasinesek gidatuta. Saioa amaitzean, parte hartzen dutenek egindako lanak elkarbanatuko dituzte gainerako kideekin. 

Sarah Rasines artista eta kultura-kudeatzailea da, eta ikerketaren, programazioaren, irakaskuntzaren, sorkuntzaren edo proiektu independenteen arteko "gurutzaketak" ditu lehentasun. Arte Ederretan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Sorkuntza artistikoa eta doktorego-ikerketa  uztartzen ditu, kaseteen gaian ardaztua, Leioako Arte Ederren Fakultatean. Han, Ikersoinu –soinu ikerketa eta espazio artistikoa– ikerketa-taldeko kide izan da. Autoedizioko lantegiak ematen ditu museo, liburutegi, jaialdi eta arte zentroetan, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide