Herriko sortzaileek plazara atera dituzte beren produktuak

Iraia Oteiza 2023ko abe. 23a, 15:00

Herriko sortzaileen azoka ari dira egiten Azoka Plazan. Goizean jende ugari bertaratu da, eta arratsaldean ere izango da azoka bisitatzeko aukera, 16:30etik 20:00etara.

Azpeitiko eta inguruko herrietako sortzaileak azoka egiten ari dira gaur, larunbata, Azoka Plazan. Azken aldietan, Orkatz kultur elkarteak antolatu izan du sortzaileen azoka, baina aurten sortzaileei eman die lekukoa eta dozena inguru postu jarri dituzte azokan. Horietan denetarik eskuratu ahal izango da, hala nola, jantziak, bitxiak, liburuak, askotariko apaingarriak, zein marrazkien laminak. Goizean, 11:00etatik 14:30era zabaldu dute azoka, eta jende ugari bertaratu da; arratsaldean, berriz, 16:30etik 20:00etara irekiko dute. 

Honako hauek dira azokan parte hartu duten sortzaileak: Kiribil zeramika, Oihele (oihal organikoaz egindako arropa), Keizpe (irudia), Biziki (moda/jantzigintza), Endredamakina (birziklatutako materialarekin egindako osagarriak), Manex Beristain (liburua eta barreterapia), Magnolia (likoreak eta marmeladak), Marrak (irudia gauzetan), Harrihari (string art eta makrame), Izaro Orbegozo (jantzigintza), Ametsen txokoa (eskuz egindako osagarriak), Ana Tena eta Olatz Aguado (bitxigintza).

Horretaz gain, mokadua egiteko aukera eskaintzen ari da Ekotaloak azokan. Betiko taloetatik desberdintzen diren talo "berezi eta goxoak" ari dira prestatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide