Hiru puntu poltsikoratuta, pauso ona eman du Lagun Onakek

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 24a, 16:30

Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiko kideak, gaur, Garmendipen. (Lagun Onak)

Partida oso garrantzitsua jokatu du Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak Zumaiakoren kontra, bi taldeen arteko lehia beti izan delako gogorra eta tentsio handikoa. Hasieratik oso motibatuta zelairatu da Lagun Onak, talde sena dutela erakutsi dute jokalariek, eta horregatik lortu dute gaurkoan hiru puntu poltsikoratzea: 2 eta 0 gailendu dira.

Lagun Onak futbol klubaren Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak gaur, Gabon egunez, jokatu du urteko azken neurketa. Gizonezkoek ez dute asteburu honetan jardunaldirik, eta emakumeek belar naturaleko zelaian jokatu dute gaurko partida, Zumaiakoren aurka. Partida oso garrantzitsua izan da, bi taldeen arteko lehia beti izan delako gogorra eta tentsio handikoa. Hasieratik oso motibatuta zelairatu da Lagun Onak, talde sena dutela erakutsi dute jokalariek, eta horregatik lortu dute gaurkoan hiru puntu poltsikoratzea: 2 eta 0 gailendu dira.

Lehen zatian, orain arte jokatu duten partidarik onena egin dute Azpeitikoek. Denbora guztian partida kontrolpean izan dute, bai defentsan, bai atakean. Lehen gola hamabosgarren minutuan iritsi da; jokaldi bikain baten ostean, Joane Kortak eskuadrara bidali du baloia. Horren ostean, aukera pila bat izan ditu Lagun Onakek Zumaiakoren aurkako aldea handitzeko, baina lehen zatian ez dute lortu beste golik egitea, nahiz eta jaun eta jabe izan diren. Taldeak lan handia egin du, eta atsedenaldira 1 eta 0 irabazten iritsi dira.

Bigarren zatian, intentsitate berarekin jarraitu du jokoan Lagun Onakek. Zumaiakok intentsitate maila pixka bat jaitsi du, eta berehala iritsi da Lagun Onaken bigarren gola; Joane Kortak sartu du hori ere, 48. minutuan. Horren ondoren, Lagun Onak partida nagusitasunez irabazten ari zenez, pixka bat lasaitu du taldeak jokoa. Horrela, epaileak hiru txistu jo dituenean, pozik bukatu dute partida Azpeitiko emakumeek, hiru puntu lortuta. Horrenbestez, sailkapenean goiko postuetan mantentzea lortu dute; nahiz eta orain seigarren postuan dauden, puntu gutxira dute hirugarrena. Pauso ona egin du, beraz, urteko azken neurketan Lagun Onakek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide