Kaseteen munduan barneratzeko aukera izango da datorren astean Dinamoan

Iraia Oteiza 2023ko abe. 27a, 14:15

Sarah Rasines artista soinu sorkuntza tailerrean. (Utzitakoa)

Kasetea berriro "modan" dagoela eta, gaztetxoei zein helduei zuzendutako soinu sorkuntza tailerra eskainiko du Sarah Rasines artistak Dinamoan. Urtarrilaren 3an izango da tailerra, 17:00etatik aurrera. Sarrerak Kulturazen eskura daitezke 7 euroren truke. 

Gaztetxoei zein helduei zuzendutako soinu sorkuntza tailerra eskainiko du Sarah Rasines artista eta kultura kudeatzaileak Azpeitian. Kaseteekin soinu ez-konbentzionalak egiteko moduari buruzko tailer esperimentala eta "magnetikoa" izango da, eta bertaratzen direnek kaseteak hackeatuz loopak zein bestelako grabaketak modu artisau batean sortzeko aukera izango dute. Tailerraren amaieran, egindako gainerakoekin partekatzeko tartea izango dute.

"Kasetea berriro modan jarri da. Gazte asko hasi dira atzera beraien musika formatu horretan editatzen", dio Sarah Rasines artistak. Hori dela eta, zinta magnetikoen funtzionamentuaz irakastea du helburu, "askok ez dakitelako kaseteak egiaz  nola ustiatzen dituen bere berezitasunak musika egiteko". Aurretik grabaketak dituzten kaseteak eraldatzen irakatsiko die artistak bertaratutakoei, eta hutsetik kasete berriak sortzeko aukera ere eskainiko du tailerrean.

2018an Crystal Mine sortu zuen Rasinesek, #anticopyright filosofiarekin musika trukea sustatzeko proiektua. Zigilu independente hori kasetean musika ateratzera bideratuta dago, esperimentazioan oinarritutako proiektuak indartuz. 2020an, berriz, kaseteen inguruko doktoretza tesia aurkeztu zuen; eta, egun, autoedizioko lantegiak ematen ditu museo, liburutegi, jaialdi zein arte zentroetan, denak ere soinuari loturikoak.

Tailerraren bidez, helduez gainera, ume zein gaztetxoei kaseteen mundua irakatsi nahi die artistak, "belaunaldi berrietakoek ez dakitelako zertarako balio duen kasete batek". Rasinesek atsegin du umeak mundu horretan barneratzea, "haurrek helduek baino askatasun handiagoa, begirada garbiagoa eta sormen itzela dituztenez, mundu berriak ezagutzen hobeto pasatzen dutelako".

Urtarrilaren 3an eskainiko du Rasinesek tailerra, 17:00etatik aurrera, Dinamoan. Sarrerak Kulturazen eskura daitezke 7 euroren truke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide