Korrika agurtu dute urtea beste behin Azpeitian, Xeye atletismo taldeak prestatu duen San Silbestre lasterketarekin. Iaz bezala, Aitor Mimenza Azpeitiko bizilaguna izan da gizonetan azkarrena, eta emakumeetan Eneritz Aramendi herritarra gailendu da. Dortsal guztiak agortuta, ehunka lasterkarik egin dute korrika herriko kaleetan zehar, eta beste horrenbeste lagun elkartu dira lasterketa herrikoian parte hartu dutenak animatzera, primerako giroa sortuz.
Aurten aurreneko aldiz, hiru probak osatu dute San Silbestre lasterketa. Hasteko, proba inklusiboa egin dute 11:00 pasatxoan hasita. Gautenako, Txolarteko eta Marea Urdinako kideei '0' dortsalak banatu dizkiete lantolatzaileek, eta ondoren, haur zein gaztetxoak korrika abiatu dira kaleetan barrena, herritarren animopean. Segidan, proba laburra egingo dute estrainekoz, 12 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta, eta han ere dozenaka korrikalari bildu dira.
Ohi bezala, 12:00etan hasi da lasterketa nagusia, eta proba hasterako hil berri den Enrique Gil korrikalaria oroitu dute, minutuko isilunea eginez. Izan ere, inguruko herri lasterketan ezaguna izan zen azkoitiarra, eta Azpeitiko San Silbestren ere urte askotan parte hartu zuen hark. Iaz irabazle izanda, Mimenzak haren dortsala eraman du lasterketan. Azpeitiko bizilaguna izan da aurten ere helmugara iristen lehenengoa, 0.18.27 denbora eginda, eta haren atzetik sailkatu dira Markos Zaldibia azkoitiarra (0.18.56) eta Amets Aranberri (0.18.59), hurrenez hurren. Emakumeetan, berriz, Eneritz Aramendi izan da garailea, 0.22.43 denborarekin. Haren atzetik, Maialen Azpiazuk (0.23.03) eta Nora Etxeberriak (0.23.39) osatu dute emakumeen podiuma.
Aurreneko sailkatuei ez ezik, lehenengo helmugaratu diren azpeitiarrei eta azkoitiarrei ere eman die saria Xeyek, eta azpeitiarrei degokienez, Mimenzak eta Aramendik ere jaso dute sari hori. Azkoitiarren sariak, bestalde, Zaldibiak eta Eider Larrañagak jaso dituzte.
Azpeitiko San Silbestreko emaitza zehatzak kirolprobak.com atarian ikus daitezke.