Uztarria.eus-ek 4,3 milioi bisita izan ditu 2023an

Erredakzioa 2024ko urt. 2a, 13:00

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 4.307.737 bisita izan zituen Uztarria.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, 11 albiste argitaratu ditu Uztarriak webgunean, eta atari digitalak 11.802 bisita izan ditu egunero. 2017an hasitako joerari jarraituz, bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2023. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Uztarria.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Uztarriak 2023an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 4.239 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, 11 albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 4,3 milioi bisita izan ditu Uztarria.eus-ek: zehazki, 4.307.737 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Uztarriaren webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2022an 3.921.696 bisita izan zituen webguneak. Urbeteko epean, 386.041 bisita gehiago izan ditu, beraz. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 11.802 bisita izan ditu webguneak.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2023an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. 2017. urtea inflexio puntua izan zen horretan; izan ere, urte hartan, aurrenekoz, bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2022an are nabarmenagoa izan zen datua: erabiltzaileen %67,82k eskuko telefonoa erabaki zuten Uztarria.eus irakurtzeko. 2023an, ehuneko hori asko hazi da, %80tik gora kokatuz.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 10.263.009 bisita izan zituzten iaz, 2022an baino milioi bat bisita gehiago –9.174.112 bisita izan zituzten 2022an–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide