Asteburu eta jaiegunetan UK01 (Azkoitia-Azpeitia-Zestoa-Donostia) autobus linearen erabiltzaile kopuruak gora egin duenez, datorren astelehenetik –urtarrilaren 8tik– aurrera zerbitzu hori indartuko dutela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak. Zehazki, ordubeteko tartearekin irten ordez, 30 minutuz behin abiatuko dira autobusak larunbatetan, eta igande eta jaiegunetan, berriz, hiru autobus gehiago jarriko dituzte noranzko bakoitzean: Azkoititik, 08:45ean, 10:45ean eta 17:45ean; eta Donostiatik, 10:05ean, 12:05ean eta 14:05ean. Horrela, autobusak orduero izango dira egun osoan zehar, eta ez da zerbitzurik gabeko tarterik egongo.
Urola Erdiko bizilagunentzako jarri dituzten errefortzu horiez gain, joan den irailean UK05 linea (Zestoa-Ermua) indartu zuten, Zestoan beste irteera bat jarrita 07:10ean, eta Ermuan beste bat, 14:40an. Gainera, irailaren 14tik aurrera, Zestoatik ateratzen den 06:35eko zerbitzua edukiera handiagoko ibilgailu batekin ematen da.