Unai Marrero (Azpeitia, 2001) Realeko jokalariak debuta egin zuen Ligan atzo, asteartea, Alavesen aurkako neurketan. Alex Remiro atezainari txartel gorria atera zion epaileak, eta horrenbestez, zelaia utzi behar izan zuen hark. Orduan batu zen lehiara azpeitiarra, 39. minutuan. Aurrez Kopan jokatu zituen Marrerok zenbait minutu lehen taldearekin, baina sekula ez Ligako partida batean.
Atzoko neurketan, berdindu egin zuten Realak eta Alavesek. Reala ez zen ondo aritu lehen zatian, baina bigarrenean joko hobea egin zuen. Dena den, 76. minutuan, Alavesen gola iritsi zen, Merinok egindako penalti baten ondorioz. Marrerok, beraz, gol bat jaso behar izan zuen debuteko partidan. Hala eta guztiz, partida amaitzear zela –97. minutuan– Zubimendik sartu zuen golari esker, berdindu egin zuen neurketa Realak. Partida joan zen moduan, Alavesek garaipena nahi zuen, eta Reala konforme geratu zen berdinketarekin.
Gainera, Remiroren zigorra tarteko, datorren asteburuan –urtarrilak 13, larunbata– Realak eta Athleticek San Mamesen jokatuko duten derbian ere atezain lanetan aritzeko aukera izan dezake Marrerok.