Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, World Athletics Global Calendar egutegian onartu dute proba. Beraz, beste urte batez, nazioarteko maila izango du Diego Garciaren omenez egiten duten maratoi erdiak. Antolatzaileek espero dute datozen egunetan jasoko dutela Road Race Label zigilua; izan ere, egutegian onartua izatea zigilu hori lortzeko ezinbestezko baldintza da. Lasterketak "erakunde ofizial guztietako neurriak" betetzen dituela egiaztatzen du Road Race Labelek, eta azken hiru urteotan eskuratu du hori Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak.
Martxoaren 23an, larunbatez, jokatuko dute aurtengo maratoi erdia. 31. edizioa izango da aurtengoa, eta haren antolatzaileak prestaketa lanetan ari dira azken hilabeteetan. Running festa lelopean egingo dute aurtengo edizioa, eta dagoeneko aurkeztu dute nolakoa izango den probako kamiseta. Hemen ikus daiteke.
Abenduaz geroztik zabalik dago Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea, rockthesport.com webgunean, eta iazko edizioan nahiz Azpeitiko San Silbestre lasterketan hala eskatu zutenek deskontua izango dute urtarrilean zehar izena ematen baldin badute.