Iraurgiko emakumeen lehen taldea osatu zutenak omendu dituzte

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 7a, 16:00

1974-1975 denboraldian Jesuitinak izenarekin jokatu zuten haietako gehienek parte hartu dute ekitaldian, eta orain saskibaloi eskolan ibiltzen diren gaztetxoek lagunduta atera dira kantxara, oroigarri bana eta harmailetan batu diren herritarren txalo zaparrada jasotzera. Arratsaldean, 17:45ean, Iraurgiko gizonen lehen taldea osatu zutenak omenduko dituzte Juaristi ISB eta Fundacion Globalcaja La Rodaren arteko norgehiagokaren aurretik.

ISB hasi da 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiekin, eta gaur eguerdian, egungo emakumeen lehen taldeak Ausarta Barakaldoren aurkako partida jokatu aurretik, klubeko emakumeen lehen taldea osatu zuten jokalalariak omendu dituzte Azpeitiko kiroldegian. 1974-1975 denboraldian Jesuitinak izenarekin jokatu zuten haietako gehienek parte hartu dute ekitaldian, eta orain saskibaloi eskolan ibiltzen diren gaztetxoek lagunduta atera dira kantxara, oroigarri bana eta harmailetan batu diren herritarren txalo zaparrada jasotzera.

Ondoren jokatu dute Domusa Teknik ISBko emakumeek Ausarta Barakaldoren kontra. Markagailuan gorabehera handiko partida izan da, kantxan izan den lehiaren seinale, baina, azkenean, etxekoek ezin izan dute garaipenik lortu. Sailkapeneko buruaren kontra 68-74 galdu du ISBk.

Horrekin nahikoa ez, eta arratsaldean saskibaloizaleek beste hitzordu garrantzitsu bat dute Azpeitiko kiroldegian bertan; Juaristi ISB eta Fundacion Globalcaja La Rodaren arteko norgehiagoka, hain zuzen. Partida hori hasi aurretik, Iraurgiren historiako gizonen lehen taldea osatu zuten jokalariei omenaldia egingo diete. Omenaldia 17:45ean izango da, eta partida 18:00etan hasiko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide