Txotx denboraldiaren irekiera ekitaldia egingo dute zapatuan Añota sagardotegian

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 8a, 10:01

Iazko irekiera ekitaldiko argazkia. (Mailo Oiarzabal)

14:00etan hasita egingo dute txotx denboraldiaren hasierako ekitaldia Añotan. Bertan parte hartuko dute Izer eta Alabier trikitilariek nahiz Loidisaletxe II.a eta Xebastian Lizaso bertsolariek. Gonbidatu berezi bezala, Jon eta Unai Alberdi pilotariak izango dira irekiera ekitaldian.

Hurrengo astean hasiko da, ofizialki, txotx garaia Euskal Herriko sagardotegietan, baina Añotan larunbatean ekingo diote aurtengo denboraldiari, urtero egin ohi duten irekiera ekitaldiarekin. 14:00etan ekingo diote ekitaldiari. 

Aurten, Jon eta Unai Alberdi pilotariak izango dira Añotako txotx denboraldiaren irekiera ekitaldiko gonbidatuak zein protagonistak. Jon Alberdik azaroan jakinarazi zuen pilota utziko zuela. Haren ibilbideari aitortza egiteko modua izango da larunbateko ekitaldia. 

Ohi bezala, ez da trikiti doinurik faltako sagardotegian, eta Izer eta Alabier arituko dira hura girotzen. Loidisaletxe II.a eta Xebastian Lizaso, berriz, bertsotan arituko dira. 

Txotx irekieraren bazkarira joan nahi duenak erreserba egin eta izena eman dezake Añotako 943-81 20 92 telefono zenbakira deituta. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide