Foru Aldundiak Bilboko eta Leioako campusetara joateko autobus zerbitzua finantzatzeko konpromisoa hartu du

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 8a, 14:34

Ziztu elkartearen eta Iraurgi Berritzenen ordezkariak Azahara Dominguez diputatuarekin. (Utzitakoa)

Bilboko eta Leioako (Bizkaia) campusetara joateko garraio zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren eskumenetatik kanpo egon arren, sailak diruz lagunduko duela ziurtatu du Azahara Dominguez diputatuak.

Zumaiatik, Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik Bilboko eta Leioako (Bizkaia) unibertsitateetara joateko autobus zerbitzua finantzatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urteetan Aldalur autobus enpresak eskaini du Piper zerbitzu unibertsitarioa, baina zerbitzua errentagarria ez zela eta, bertan behera utziko zutela iragarri zuten joan den udan. Hainbat erabiltzailek Ziztu elkartea sortu dute, eta elkartearen ordezkariak eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziako zuzendaria Azahara Dominguez diputatuarekin bildu ziren duela egun batzuk arazoa aztertzeko. Bilera horretan, aldundiak zerbitzua finantzatzeko konpromisoa hartu zuen.

Dominguezen hitzetan, "erabilera bereziko garraio zerbitzua" da Bilboko eta Leioako campusetara ikasleak eta langileak eramaten dituena, eta zerbitzu hori ez da aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren eskumenetan sartzen. Hala ere, sailak diruz lagunduko du zerbitzua. "Ziztuk Urola Erdiko ikasle eta unibertsitateko langileek dituzten behar zehatzak ezagutzeko aukera emango digu bidaldiei, ibilgailu kopuruari, ibilbideari, ordutegiei eta gainerako gaiei dagokionez. Elkarteak informazio hori helarazi ondoren, gure departamentuak, zerbitzu hori finantzatu eta, ahal den neurrian, Mugiren tarifa eta baldintzekin berdindu ahal izango du", adierazi du diputatuak.

Dominguezen hitzetan, "garraio publikoa gipuzkoarren beharretara egokitzeko lan egiten du" aldundiaren Mugikortasun departamentuak. "Baita gure eskumenetik kanpo daudenean ere. Ez dugu inor atzean utzi nahi. Ezin da muga ekonomiko eta geografikorik egon unibertsitate prestakuntzarako, eta, horregatik, garraio publiko eta eskuragarria sustatzeko lanean jarraituko dugu, bidezkoagoa den Gipuzkoa bat eraikitzeko".

Ziztu elkarteak, bere aldetik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak zerbitzua finantzatzeko konpromisoa hartu izana "oso positibotzat" jo du. "Estrategikoa ikusten dugu garraiobide honen sustapena jasangarritasuneranzko eta lurraldearen garapenerako bidea jorratzeko".

Zerbitzuari buruzko informazio gehiago Ziztu elkartearen webgunean dago eskuragai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide