Futboleko Espainiako Hirugarren Mailako taldeak joan den asteburuan itzuli dira lehiara, Gabonetako oporraldia atzean utzita. Lagun Onakek etxetik kanpo ekin dio 2024. urteari, eta ligako hamabosgarren jardunaldian, puntu bat lortu zuen atzo Azpeitiko taldeak Gasteizen, San Ignacioren zelaian 1-1 egin ondoren. Maldan gora jarri zitzaion neurketa Mikel Etxabururen taldeari hasi eta berehala, San Ignaciok lehen minutuan sartu baitzuen bere gola. Lehen zatian bertan, partida ordu erdira iristear zela, lortu zuen Lagun Onakek berdinketa, Jakes Aranbarrik 29. minutuan egindako golari esker. Ahaleginak ahalegin, beste golik ez zen izan, eta puntu banarekin bukatu zuten partida lehiakideek.
Atzokoa batuta, 29 puntu ditu Lagun Onakek, sailkapenaren laugarren tokian jarraitzen du, eta hirugarren dagoen Portugaleteren puntu kopuru bera dauka. Datorren zapatuan, 16:00etan, Touring hartuko dute Azpeitikoek Garmendipen. Halaber, datorren asteburuan ekingo dio berriro lehiari Lagun Onakek Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan, Ondarbeltz Amaikak Mutrikuren zelaian.