Igandea izango da zinemaren eguna asteburu honetan Soreasu antzokian. Horrela, bi film emango dituzte urtarrilaren 14an, eta biak euskaraz: Migrazioa, bide ahatezina eta Bizkarsoro.
Josu Martinez zuzendariaren fikziozko lehen film luzea da Bizkarsoro, eta etzi, urtarrilaren 12an, estreinatuko dute Euskal Herriko zinema aretoetan. Bizkarsoro fikziozko herrian girotutako filmak euskarak XX. mendean Ipar Euskal Herrian ezagutu zuen bilakaera, atzerakada, erakusten du igandean Azpeitian ikus ahal izango den lanak. "Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna", dio filmaren sinopsiak. Igandean, 19:30ean emango dute Bizkarsoro Soreasun; eta proiekzioa osatzeko, emanaldiaren ondoren solasaldia ere izango da antzokian, Gastibeltzako langile eta Bizkarsororen ekoizle den Katti Pochelourekin. Zaparraie euskara taldeak ekarpen hau egin du Bizkarsoroz Uztarria.eus-eko Komunitatean.
Bizkarsororen aurretik, 16:30ean, Migrazioa, bide ahatezina (John Powell, AEB, 2023) animaziozko filma emango dute Soreasun, bereziki haurrei zuzendutako saioan. Honela dio Mallard ahate familiaren gorabeherak kontatzen dituen filmaren sinopsiak: "Mallard familia putzuan geratu da. Aita Mackek bere familia Ingalaterra Berriko urmaelean zaintzea atsegin du, baina ama Pamek gogo handia du bizitzaz gozatzeko eta bere seme-alabei mundua bere osotasunean erakusteko. Ahate migratzaile familia bat leku urrunetako istorio zoragarriekin iristen da urmaelera, eta orduan Pamek Mack konbentizea lortzen du Jamaika tropikalera bidaiatzeko, New Yorketik pasatuz. Mallardtarrak hegoaldera doaz negua igarotzera, baina gauzak ez dira espero bezala ateratzen. Esperientziak bide ezezagunak aurkitzen, lagun berriak egiten, inoiz imajinatu ez zituzten abenturak bizitzen eta, bide batez, elkar hobeto ezagutzen lagunduko die".