Kulturazek prest ditu neguko eskaintza borobiltzeko ekitaldiak

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 11a, 11:26

Ohi bezala, askotariko hitzaldiak, kontzertuak eta emanaldiak programatu ditu Kulturaz kooperatibak datozen aste eta hilabeteetarako. Musika emanaldien artean izango dira, besteak beste, Leon Benavente, Kerobia, Janus Lester, Rüdiger, Amorante, Izaro, Raimundo el Canastero, Nikotina edota Kaos Etiliko. Hitzaldiak ere izango dira. Aurrenekoa Iñaki Iurrebasok eskainiko du, euskaraz aurkeztu berri duen tesia ardatz. Grafiaz betea egitasmoaren barruan, fotografia eta grafitia landuko dituzte. Bakarrizketak, antzerkiak eta bestelako ikuskizunak ere ez dira faltako. 

2023a emanaldi jendetsuekin agurtu zuen Kulturaz kooperatibak, eta hasi berri den urterako ere programazio oparoa ondu dute. Oraingoz, datozenen artean, martxora bitarteko ekintzak zehaztu dituzte nahiz eta apirilerako ere ugari dituzten itxita. Beraz, kulturzaleek, eta, batez ere, musikazaleek izango dute zertaz gozatua datozen asteetan Azpeitian. Kulturaz kooperatibak antolatu ditu kultur ekimen gehienentsuenak, baina herriko hainbat eragilek, esaterako, hitzaldiak antolatu dituzte. 

Musika emanaldien artean izango dira, besteak beste, Leon Benavente, Kerobia, Janus Lester, Rüdiger, Amorante, Izaro, Raimundo el Canastero, Nikotina edota Kaos Etiliko. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Izaroren emanaldirako sarrerak, adibidez, agortuta daude jada. 

Hitzaldiei dagokionez, aurrenekoa Iñaki Iurrebasok eskainiko du hilaren 24an, euskaraz aurkeztu berri duen tesia ardatz. Hilaren 31n Munoaundi taldeak antolatutako solasaldi bat ere egongo da. Grafiaz betea egitasmoarekin ere jarraituko dute. Otsailean fotografia landuko dute Nagore Legarreta argazkilariak gidatuta. Martxoan, berriz, grafitia landuko dute. Saio hori Igor Rezolak gidatuko du. Bakarrizketak eta bestelako ikuskizunak ere ez dira faltako. Esaterako, otsailaren 18an Queenen omenezko kontzertua izango da Soreasun, eta martxoaren 17an Julen Axperen bakarrizketa saioa, Sanagustin kulturgunean. 

Apoa poesia irakurle taldeak ere martxan jarraitzen du, eta datozen saioetan Alfonsina Storniren lana eta Harkaitz Canorena izango dute irakurgai eta aztergai. 

Hona hemen programazioa, hilabeteka: 

Urtarrila

13: Benizze + Ke leporen kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
14: Migrazioa, bidaia ahaztezina filma, Soreasu antzokian.
14: Bizkarsoro filmaren proiekzioa, Soreasu antzokian.
17: APOA poesia irakurle taldearen saioa, Alfonsina Storni, Dinamoa sormen gunean.
20: Hodei magoaren magia ikuskizuna, Soreasu antzokian. 
21: Wonka filmaren emanaldia, Soreasu antzokian.
24: Iñaki Iurrebasoren hitzaldia Sanagustin kulturgunean.  
26: Sanagustin Dantzaleku, Sanagustin kulturgunean. 
31: Munoaundi kultur taldearen hitzaldia, Sanagustin kulturgunean. 

Otsaila

2: Lady Bananaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean. 
3: Leon Benaventeren kontzertua, Sanagustin kulturgunea. 
4: Udal Musika Bandaren karnabaletako kontzertua, Sanagustin oholtza nagusia.
16: Kerobia + Janus Lester taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. 
18: Queenen omenezko kontzertua, Soreasu antzokian. 
23: Sanagustin Dantzaleku, Sanagustin kulturgunean. 
24: Cala Vento + Habi taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. 
25: Arkupehotsaken barruko emanaldia: Xabier Badiolaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
29: Grafiaz Betea II: Fotografia tailerra Dinamoa sormen gunean. Nagore Legarreta argazkilariak gidatuko du saioa.

Martxoa

1: Eider + Haize arrosa + Albina & Divina kontzertuak, Sanagustin kulturgunean. 
3: Rüdiger + Amorante taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
9: Izaroren kontzertua, Soreasu antzokian. Sarrerak agortuta daude. 
14: Putaren bakarrizketa eroetxean antzerkiaren emanaldia, Dinamoa sormen gunean. 
15: Nikotina + Raimundo el Canastero taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.
16: Sanjosetako trikiti jaialdia, Soreasu antzokian. 
17: Julen Axperen bakarrizketa saioa, Sanagustin kulturgunean.
20: APOA poesia irakurle taldearen saioa, Harkaitz Canoren lana, Dinamoa sormen gunean.
22: Bertsolari gazteen XI. Erniarraitz sariketaren finala, Sanagustin kulturgunean.
23:
Kaos Etiliko taldearen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. 
24: Arkupehotsaken barruko kontzertua: Larrux, Sanagustin kulturgunean. 
28: Grafiaz Betea II: Grafitia. Igor Rezolak gidatuko du saioa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide