Desgaitasun intelektuala duten pertsonak ikastetxeetan kontratatzeko hitzarmenarekin bat egin du Iraurgi ikastetxeak berriki, eta horri esker, Eli Agiriano azpeitiarrari ikastetxean bertan lan kontratu finkoa egin diote. Hain zuzen, 2023ko urrian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Atzegik sinatu zuten hitzarmena, eta horrela, Gipuzkoako zentroetan dauden 30 pertsonak lan kontratu bat lortzeko aukera izango dute.
Iraurgi ikastetxea aitzindaria izan da Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako lan kontratua gauzatzeko pausoa ematen.
Atzo egin zuten sinadura ekitaldia, eta bertan izan ziren, Eli Agirianoz gain, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Jon Arruti Iraurgiko ordezkaria, Mitxel Lakuntza Atzegiko zuzendaria, Josean Idoeta Atzegiko lehendakaria eta Pauso berriak gizarteratze programako ordezkariak.
Iraurgi ikastetxeak azaldu duen moduan, denboran zehar egindako lanaren emaitza da honakoa: "Guzti hau ez dugu egun batetik bestera lortu. Gure balio erantsiak diren zaintza, herria, askatasuna, eraldaketa, konfiantza eta konpromisoak eraman gaitu hau lortzera. Orain arte bezala, gizarte eraldaketan lanean arituko gara, gure aterpean ereiten den hezkuntza eredua jarraituz".
Hitzarmenaren nondik norakoak
Lehen hamar kontratuak 2023-2024 ikasturtean egingo direla aurreikusi dute Atzegik eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Gipuzkoan. Ondoren, ordea, ekimena Arabako eta Bizkaiko ikastetxeetara zabaltzea da asmoa, Gipuzkoako eredua oinarri hartuta.
Sinadura ekitaldian azaldu zuten moduan, pertsona horien kontratuak lanaldi erdikoak izango dira, eta egunean lau orduz egingo dute lan. Ordainsariari dagokionez, lanaldi osoko langile batentzat indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren erdiaren parekoa jasoko dute.
Langileek beteko dituzten eginkizunak eta zereginak haien gaitasunetara egokituko direla ere gaineratu zuten, eta zentro batetik bestera aldatu ahal izango direla, beharraren arabera. Atzegi arduratuko da lanak betetzeko prestakuntza jasoko duten pertsonak aukeratzeaz, baita kontratatutako pertsonen jarraipenaz eta laguntzaz, Hezkuntza Sailaren laguntzarekin.