Patinetan ibiltzen ikasi edo beren teknika hobetu nahi dutenentzat patinaje ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak. Helduei eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa izango da, eta saioak otsailetik apirilera bitartean egingo dituzte, sei asteburutan. Helduen nahiz gaztetxoen bi talde osatuko dira.
Helduen kasuan, hasiberrien eta patinetan ondo moldatzen direnen taldeak osatuko dituzte. Hasiberrien taldearen saioak 10:00etatik 11:30era egingo dituzte, eta patinetan ondo moldatzen direnena 11:30etik 13:00etara.
Haurrekin ere bi talde osatuko dituzte, eta arratsaldez izango dituzte saioak; LH1etik LH3ra arteko haurrentzako ikastaroa 17:00etatik 18:30era izango da, eta LH4tik LH6ra artekoena, 18:30etik 20:00etara.
Taldeak mugatuak izango dira, eta, ikastaroa egiteko, ezinbestekoa izango da patinak eta kaskoa bakoitzak bereak eramatea. Ikastarorako izena igerilekuan eman beharko da. Kirol Patronatuko bazkideek 50 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 75 euro.
Patinaje ikastaroaren datak honako hauek dira: otsailak 3-4 eta 17-18; martxoak 2-3 eta 9-10; apirilak 13-14 eta 27-28.