Bigarren eskuko arropa denda, berrituta eta handituta

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 13a, 09:00

Elkar-ekinek zenbait aldaketa egin ditu Elkargunean, zerbitzua hobetzeko asmoz. Bigarren eskuko arropa dendak lehen baino metro koadro gehiago ditu orain, eta arropa gehiago eskainiko dute bertan. Proiektuan laguntzeko jendea behar dute.

Urte berrian sartzearekin bat, Elkar-ekinek zenbait aldaketa egin ditu Elkargunean, zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, bigarren eskuko arropa dendak lehen baino metro koadro gehiago ditu orain, espazioa lasaiago egin dute, eta arropa gehiago eskainiko dute bertan. Besteak beste, inauterietarako mozorro ugari dituzte. Horrez gain, biltegiko lurra aldatu dute: "Eguneroko lanak egiteko erosoago eta txukunago jartzen saiatu gara", adierazi dute Elkar-ekineko kideek. Aldaketa horiek egiteko udalaren laguntza izan dute.

Atzo zabaldu zituen berriro ateak Elkarguneak, eta bigarren eskuko dendako kideek adierazi zuten "ohi baino jende gehiago" zebilela aldaketaren ondoren. Eraberritzea onerako izan direla nabarmendu zuten, baina hori bai, funtzionamenduak betikoa izaten jarraitzen duela. Hau da, etxeetan oinarrizkoak diren materialak txukun eta merke eskaintzea da Elkar-ekinen helburuetako bat. "Erabilgarri dauden baina erabiltzen ez diren materialak biltzen jarraitu nahi dugu, modu merkean eskaintzeko eta egon daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Bereziki, etxeetan beharrezkoenak diren materialak jasotzen jarraitu nahi dugu", azpimarratu du Elkar-ekinek.

Laguntzeko aukera

Elkar-ekinek eskaintzen dituen zerbitzuek honako ordutegia izango dute aurrerantzean:

- Elkargunea irekita egongo da ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.

- Arropa denda irekita egongo da astearteetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era; asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30era; ostiraletan 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.

Gainera, Elkar-ekinen proiektuan parte hartu nahi dutenek honako aukerak dituzte, besteak beste:

  • Astelehenetan, 10:00etan, arroparen antolaketa eta Elkargunearen txukunketa lanak egiten ditu herritar talde batek.
  • Astearteetan, 17:00etan, biltegiko lanak eta Elkargunearen hornitzea. Ondoren, 18:30ean, taldearen asteko bilera egiten dugu, eta bertan erabakitzen ditugu Elkarguneari dagozkionak eta kalera begira egingo ditugun ekintzak. Bilera horietara etortzeko ateak ere zabal-zabalik daude.
  • Ostiral eta larunbatetan irekitzen dugu Elkargunea, eta txanda bidez funtzionatzen dugu. Momentuz, hogei talde inguru gaude, bakoitza hiru pertsonakoak, eta talde bakoitzak urtean lau txanda egiten ditu.
  • Furgonetarekin etxeetatik materiala ekartzen aritzen gara astean zehar, baita asteburuan Elkargunean saldutako altzariak etxeetara eramaten ere (lan horiek ez dira finkoak eta astearen arabera aldatzen dira).
  • Urtean bitan, beharrik handiena duten herritarrei doan banatzen diegu arropa. Aste horietan lan pilaketa handia izaten dugu.
  • Urtean bitan, Errigorako kanpaina eta produktuen banaketa egiten dugu herrian. Eskaerak asko hazi dira urtez urte, eta banaketa antolatzeak lana eskatzen du.

Elkar-ekinek adierazi duenez, zeregin horietan guztietan behar dute jendea, eta animatzen dena ongietorria izango da. Norbaitek lan horietakoren  batean lagundu nahiko balu, bide hauetakoren bat baliatuta jar daiteke Elkar-ekinekin harremanetan:

  • Posta elektronikoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Telefonoa: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide